ustelkeria

Pujolismoa, akusatuen aulkian

Aitortu gabeko kontu ezkutuen harira, Kataluniako Parlamentuari azalpenak eman dizkio Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiak.

Dozenaka galdera egin zizkioten atzo diputatuek Pujoli; ia bat bera ere ez zuen erantzun bigarren itzulian.
Dozenaka galdera egin zizkioten atzo diputatuek Pujoli; ia bat bera ere ez zuen erantzun bigarren itzulian. ALEJANDRO GARCIA / EFE

Samara Velte -

2014ko irailak 27

Joan den uztailean komunikatu baten bidez aitortu zuen Jordi Pujolek 34 urtez atzerrian ezkutatua eduki zuela aitak haren emazte Marta Ferrusolari eta seme-alabei utzitako ondarea. Egindakoari buruzko azalpenak eman ditu gaur Generalitateko batzorde batean.

Agerraldiaren hasieran onartu du azalpenak eman ondoren jasoko dituen kritikak "gogorrak" izango direla. Florenci Pujol aita izan du gogoan: "Nire aitaren historia luzea da, baina azaldu egin behar dut adierazteko ez dela ustelkeriarik egon, ezta faborezko traturik ere". Gaineratu du aita "gizon aberatsa" zela, negozioak egin zituela, eta bera "asko miresten" zuela.

Berari dagokionez, Pujolek berretsi du ez dela "politikari ustel bat" izan, eta ukatu egin du dirua "arrazoi politiko edo administratibo jakin batengatik" jaso izana: "Ez dut inoiz kobratu presidente karguko soldatatik haratago". Onartu duenez, dolarretan 140 milioi pezeta izan zituen atzerrian 1980an.

Generalitateko presidente ohiaren arabera, ez zen politikan hasi dirua egiteko —"dirua banuen"—, aitak eta lagunek dirua gal zezakeela ohartarazi zioten arren. "Eta galdu egin nuen; asko, gainera". Agintean egon den bitartean "ateak irekitzen eta zubiak ezartzen" saiatu da, eta egindakoarekin "gustura" agertu da.

CiUko buruzagi ohiaren aita 1980ko irailean hil zen. Ordurako Generalitateko presidentetzan zen semea, baina haren etorkizun politikoaren inguruko zalantzek bultzatuta —hala azaldu zuen Pujolek berak—, errainaren eta iloben izenean jarri zuen bere ondarea.

Pujolek berak ondareari uko egin beharrean, ondasunak kudeatuko zituen pertsona bat izendatu zuen lehenik, eta handik urte batzuetara seme zaharrenak, Jordi Pujol Ferrusolak hartu zuen bere gain kudeaketa lana.

Alderdien txanda

Pujolek ordu erdiko azalpenak eman ondoren, alderdiek adierazpenak eta galderak egiteko aukera izan dute. ERCko Gemma Calvet izan da lehena. Gaur Parlamentuan hitz egitea "zaila eta oso tristea" dela iritzi dio: "Herritarrek bozkatu zintuztelako izan zinen presidente hogei urtez", gogoratu du.

Calvetek bezala, Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak ere galdetu dio ea zergatik egin duen aitorpena orain, eta ez lehenago. "Auzi honek lotsa eragiten digu zerga iruzurra ezin delako onartu, eta gutxiago politiko batengan".

"30 urtez katalanak engainatu" izana leporatu dio Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPko kideak. Joan Herrera ICV-EUiAko buruarentzat ere "berandu" iritsi da aitorpena: "Zure familiak probetxua atera du zure botere harremanetatik". Albert Rivera Ciutadanseko ordezkariak, berriz, uste du Pujolek atzetik "talde bat" zuela, "gobernu bat".

Alderdien txanda amaitu eta gero, CUPeko ordezkariek batzordea utzi dute, argudiatuta Pujolek ez diela galderei erantzun.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna