Katalunia

Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du, behin-behinean, Kataluniako galdeketa

Tramiterako onartu du Espainiako Gobernuak jarritako helegitea, eta horrek automatikoki utzi ditu indargabe Kataluniako Parlamentuak onartutako Kontsulten Legea eta Masek sinatutako dekretua.

Samara Velte -

2014ko irailak 29

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Madrilgo gobernuak jarritako helegitea, eta behin-behinean baliorik gabe utzi ditu Kataluniako Parlamentuaren Kontsulten Legea eta Artur Mas presidenteak azaroaren 9rako egindako deialdia. Francisco Perez de los Cobos auzitegiko presidenteak propio bizkortu du Kataluniari ibilbidea eteteko prozesua. Masek larunbatean deitu zuen independentziari buruzko kontsultara, eta gaur eguerdirako helegitea eskuan zeukan Estatuaren abokatuak. Iluntzean elkartu da auzitegiko epaimahaia, eta ordubete baino ez du behar izan Kataluniaren eskubideari buruz erabakitzeko.

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak berak azaldu ditu Kontsulten Legea salatzeko arrazoiak: «Legez kanpokoa da. Ezin da egin, subiranotasun nazionala Espainiako herritarrek dutelako, oso-osorik». Galdeketa egiteko asmoa «martxan ipintzen duenak hartuko du ondorio larrien gaineko ardura», ohartarazi dio Masi.

Helegitea onartuta, Auzitegi Kontituzionala ez dago behartuta zuzenean ezer erabakitzera, baina aztergai dauzkan testuak bertan behera gelditu dira automatikoki bost hilabeterako. Epe hori amaitzean oraindik deliberatu ez badu, arrazoitu egin beharko du zergatik eusten dion badaezpadako neurriari. Nolanahi ere, kasu honetan erabakia azkar etor daitekeela diote Kataluniako eta Espainiako hedabideek; Auzitegi Konstituzionalaren interesekoa bailitzateke Kontsulten Legea azaroaren 9a baino lehenago legez kanpo uztea.

Martxoan Kataluniako Burujabetza Aitorpena bertan behera utzi zuen epaimahai berberak erabakiko du azaroaren 9ko galdeketari buruz. Perez de los Cobos PPko kide izandakoa ez ezik, gainerako kide gehienak ere Espainiako sektore kontserbadoreenetakoak dira; zentrokoagotzat jotzen dituztenak, aldiz, hamabitik bost baino ez dira. Ordukoan, Kataluniako Parlamentuak onartutako adierazpena konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi zuen, Katalunia subjektu politiko eta juridikotzat jotzen zuelako. Masen dekretuak ere arau horixe du oinarrian.

Mobilizazioak Katalunia osoan

Prozesu subiranistaren aldeko herri mobilizazio nagusiak antolatu eta sustatu dituzten erakunde eta alderdiek protestarako deia egin dute; auzitegiaren epaia jakin aurretik ere, dozenaka elkarretaratze egin dituzte Katalunia osoan. ANC Biltzar Nazional Katalanak azaroaren 9rako kanpainaren hasiera aurreratzea erabaki dute. Ara és l'hora (orain da ordua) kanpainak udaletxeen aurrean elkartzeko eskatu die katalanei bihar arratsaldeko zazpietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna