KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

"Bozkatzea demokrazia da, eta azaroaren 9an bozkatu egingo dugu"

ANCk eta Omnium Culturalek deituta, milaka lagunek Kataluniako plazak bete dituzte, galdeketaren alde. Bilbon ere egin dute bilkura. Kontsultarako kanpaina bertan behera utzi du Kataluniako Gobernuak, kautelazko neurri gisa eta "behin-behinean". Kataluniak alegazioak aurkeztuko ditu Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurka. Prozesuak aurrera jarraitzen duela ohartarazi du Francesc Homsek.

Sant Jaume plazako elkarretaratzea, Bartzelonan

Jon Olano - Maite Alustiza -

2014ko irailak 30

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzo erabaki zuen Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegiteak tramiterako onartzea eta, horrela, baliorik gabe uztea Kataluniako Gobernuak azaroaren 9ko galdeketara deitzeko eginiko dekretua nahiz Kataluniako Kontsulta Legea behin-behinean. Hori ikusirik, independentziaren aldeko Ara es l'hora kanpaina aurreratzea erabaki dute ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak eta Omnium Culturalek. 19:00etatik, abian da:

Elkarretaratzeak egin dituzte ordu horretan Kataluniako udaletxe guztien aurrean, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren kontra protesta egiteko. Jendetza batu da, aterkipean. Ekitaldi nagusiena Bartzelonan egin dute, Sant Jaume plazan; horretan, 5.000 lagun elkartu dira, Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera.

Kanpainaren hasierarekin, manifestu bat irakurri dute. Horretan, gogorarazi dute irailaren 11n "ia bi milioi lagun" irten zirela kalera, bozkatu nahi dutela adieraztera. "Herrialde honetako biztanleen %80ek bozkatzeko eskatzen dute; Kataluniako Parlamentuaren gehiengo oso zabal batek bozkatzeko eskatzen du. Herrialde honetako udalen %90ek baino gehiagok argi utzi dute azaroaren 9an bozkatu egingo dugula".

Horrela, "Europan egin den kanpaina politikorik handienari" hasiera eman diote —100.000 boluntario ariko dira lanean—. Era berean, Konstituzionalaren erabakia salatu dute: "Atzo Auzitegi Konstituzionalak agerian utzi zuen Espainiako botere publikoek arau demokratikoekiko zein errespetu gutxi duten. Atzo argi geratu zen arazo juridiko baten aurrean gaudela; mahai gainean dagoena gatazka politiko bat da".

"Aukera historiko baten aurrean" daudela sinetsita, Ara és l’hora kanpaina abiatu dute. "Sekulako aukera da arazo nazional eta sozialei irtenbidea emateko eta guztiontzat hobea izango den herrialde bat bermatzeko".

Kataluniatik kanpo ere batu dira egitasmora; Euskal Herriko ANCk, esaterako, Bilboko udaletxearen atarian egin du protesta.

Gobernuaren kanpaina, bertan behera

Kataluniako Gobernuak bertan behera utzi du azaroaren 9ko galdeketaren kanpaina, "behin-behinean" eta kautelazko neurri gisa. Francesc Homs gobernuko bozeramaileak argudiatu du ezin dituela Kataluniako administrazioko langileen gainean utzi kanpainarekin aurrera egiteak eragin litzakeen ardura legalak. Ukatu egin du, nolanahi ere, kanpaina etetea atzerapausoa dela, eta prozesuan aurrera egiteko asmoa adierazi du.

Homsek ohartarazi du Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi dituela Kontsulta Legea eta galdeketara deitzeko dekretua, baina epaia eman arte horiek legezkoak direla. Gainera, gogorarazi du epaitegiak abiadura "supersonikoan" —hala deskribatu zuen atzo Artur Masek— baliogabetu duela galdeketa, eta abiadura berarekin gaiaren mamiaz ebazteko eskatu dio. Alde horretatik, alegazioak aurkeztuko dizkio Auzitegi Konstituzionalari.

Homsek iragarri du Kataluniako Gobernuak bere jarrera zein izango den jakinaraziko duela epaitegiak ez badu erabakirik hartzen azaroaren 9a baino lehen. Bestalde, nabarmendu du prozesuak "mobilizazioa eta batasun politikoa" behar duela. Azaldu du alderdiei dagokiela batasun politikoa, baina gaineratu herritarrei dagokiela mobilizazioa.

Gobernuaren ardura "jokaleku ezberdinak" izatea dela azaldu du Homsek: "Eta baditugu, baina burugabea litzateke horien berri ematea".

Kataluniaren "pribilegioak"

"Mas presidenteak badaki inoiz ezin dela haizearen kontra nabigatu. Ontziak, haizearen kontra jartzen denean, ez du aurrera egiten: atzera egiten du. Espero dut Mas presidenteak ez duela nahi Kataluniak atzera egiterik eta urteotan askatasunen berreskurapenean, oparotasunean eta herri kataluniarraren identitatearen erabateko aitorpenean izandako pribilegioak galtzerik".

Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Atzerri ministroa hala mintzatu da Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak eginiko adierazpen batzuei erantzunez. Masek esan du "ontzietan motorra apurtzen denean belak zabaldu" egiten direla. "Marinel metaforekin" erantzun dio Margallok, eta gaineratu du PPren gobernua prest dagoela elkarrizketarako "legezkotasunaren eta leialtasun instituzionalaren barruan".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna