KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Zuhurtziaz, baina gelditu gabe

A-9ko kontsulta behatzeaz arduratuko den batzordearen osaketa onartu du Kataluniako Parlamentuak. Alde dauden diputatuak salatuko ditu PPCk. Generalitateak bi helegite jarri ditu debekuaren kontra.

Gobernuaren kontrol saioa Kataluniako Parlamentuan.
Gobernuaren kontrol saioa Kataluniako Parlamentuan. / Kataluniako Parlamentua

Oihan Vitoria -

2014ko urriak 1

Artur Mas Generalitateko presidentea Kataluniako Parlamentuko CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPeko ordezkariekin bildu da gaur. Bilera eta bilera artean ez du baloraziorik egin, baina Efe berri agentziak gobernuko iturriak aipatuz dioenez, ostiral goizean lau alderdi horietako kideekin batuko da Mas. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurrean nola jokatu erabakitzea litzateke bilera horren asmoa.

Kataluniako Gobernuak hamabost eguneko epea zuen Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren kontra alegazioak aurkezteko, eta gaur erregistratu ditu epaitegian. Konstituzionalak "behin-behinean" baliogabetu zituen azaroaren 9ko galdeketara deitzeko dekretua eta Kontsulten Legea, eta gehienez bost hilabeteko epea du mamiari buruzko ebazpen bat emateko.

Kataluniako Parlamentuan, ordea, aurrera egin dute galdeketarako beharrezkoa den beste prozedura batekin. Galdeketaren aldeko alderdien babesarekin onartu dute galdeketa bermatzeko kontrol batzordea. Merce Barcelo i Serramalera, Joaquim Brugue Torruella, Alfons Gonzalez Bondia, Miquel Martin Casals, Marc Marsal Ferret, Jordi Matas Dalmases eta Benet Salellas Vilar dira batzordeko kideak, proposamenak aldeko 84 boto jasota. 

Kontrakoek salatu dute desobedientzia ekintza dela, eta UPD alderdiak prebarikazioa egon daitekeela salatu du. Ez da delitu zantzuak ikusi dituen bakarra; Manos Limpias elkarteak Kataluniako Auzitegi Nagusiari eskatu dio Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentea baldintzarik gabe espetxeratzeko, bost delitu egitea egotzita: prebarikazioa, desodebientzia, matxinada, sedizioa sustatzea eta ondo publikoak bidegabe erabiltzea.

Eztabaida izan da batzordea osatzearen legezkotasunaren inguruan. Gemma Calvet ERCko parlamentariak azaldu du kontrol batzordea Kontsulten Lege osoari buruzkoa dela, eta Auzitegi Konstituzionalak Kontsulten Legearen atal batzuk baino ez dituela utzi behin-behinean baliorik gabe. Hartara, legearen gainerako atalen garapenerako kontrol batzordea ezartzea beharrezkotzat jo du. Jordi Turull CiUko bozeramaileak, berriz, jakinarazi du txosten juridiko bat dutela batzordea osatzearen alde.

PPCk eta Ciutadansek ez dute parte hartu bozketan, iritzita legez kanpokoa dela batzordea izendatzea Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galdeketa baliorik gabe utzi eta gero, eta aurrerantzean gertatzen denaren erantzule egin dituzte alde bozkatu duten alderdiak.

PSCk, berriz, batzordea osatzearen kontra bozkatu du. Hala ere, eskua luzatu dio Masi legealdia amaitzeko eta galdeketa aurrera ateratzeko, beti ere galdeketa hori hitzartua izanez gero.

Gobernuaren kontrol saioan ere galdeketa izan dute hizpide. Besteak beste, Kataluniako herritarrei ala Auzitegi Konstituzionalari obeditzearen artean erabakitzeko eskatu dio CUPeko parlamentari Quim Arrufatek. Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak aitortu dio desobedientzia zibilaren bidez "lorpen sozial handiak" egin direla, baina ohartarazi dio bide horrek ez duela "beti garaipenera" eramaten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna