KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Mas: "Aurrera goaz, eta elkarrekin egingo dugu"

Galdeketarako deialdiari eustea adostu dute Generalitateko presidenteak eta CiU, ERC, ICV eta CUPeko ordezkariek. Zazpi orduz egon dira batzartuta. Alderdien arteko batasuna nabarmendu dute, eta azaroaren 9an bozkatzeko konpromisoa berretsi dute: "Ez dago irtenbiderik bozkatu gabe". Madrilek auzitara eramango du galdeketaren kontrol batzordearen izendapena.

Artur Mas eta CiU, ERC, ICV eta CUPeko ordezkariak, bileran. /
Artur Mas eta CiU, ERC, ICV eta CUPeko ordezkariak, bileran. / TONI GARRIGA/EFE

Berria -

2014ko urriak 3

Artur Mas Kataluniako presidentea azaroaren 9ko galdeketa babesten duten alderdiekin bildu da zazpi orduz —CiUk, ERCk, ICVk eta CUP—, kontsultaren baliogabetzearen inguruan nola erantzun adosteko. Bileraren ondorengo adierazpenetan Masek adierazi du "ondo" joan dela bilera, eta "aurrera" doazela. Hala ere, ez du xehetasunik eman egingo dituzten urratsen gainean.

"Indargune" gisa aipatu du adostasunari eusteko izandako gaitasuna. Horrekin batera, bozkatu ahal izateko Espainiako Gobernua jartzen ari den "zailtasunak" nabarmendu ditu: "Badakigu Espainiak zailtasunak jartzen dizkigula, baina gaur bozkatu ahal izateko aritu gara lanean".

Masekin batera, Joana Ortega, Francesc Homs; Jordi Turull, Ramon Espadaler; Oriol Junqueras, Marta Rovira; Joan Herrera, Joan Mena; David Fernandez eta Quim Arrufat izan dira bileran. Ondorengo agerraldian ere Mas babesten izan dira, eta haiek ere hartu dute hitza.

Junquerasek azaroaren 9an "berme guztiekin" bozkatu ahal izateko konpromisoa berretsi du. Herreraren arabera, "erantzun bateratua" da "demokraziarekiko alergiari" eman diezaioketen erantzunik "onena". Fernandezek nabarmendu du ez dagoela "aurrera egitea ez den beste bide orririk". Espadalerren iritziz, "irtenbidea politikan eta hautetsontzietan dago, demokrazian". Turull ildo beretik mintzatu da: "Elkarrekin joango gara, eta azaroaren 9an bozkatu egingo dugu".

Goizean 11:15ean ekin diote bilkurari, eta, hiru ordu geroago, ohar bat irakurri du Francesc Homs Kataluniako Gobernuko bozeramaileak. Laburra izan da adierazpena; horretan, jakinarazi du galdeketarako deialdiari eutsiko diotela, eta Auzitegi Konstituzionalari eskatu dio Kontsulta Legea eta kontsultarako dekretua bertan behera uzteko erabakia baliorik gabe utz dezala.

Goizekoa baino luzeagoa izan da arratsaldekoa, hiru ordu eta erdi pasatxokoa. 18:20ean bildu dira, eta tartean egindako atsedenaldian, Josep Maria Subirachs eskultoreari egindako omenaldira joan da Mas. Han adierazi duenez, "bidean jarraitu ahal izateko" behar dituzten "irtenbide guztiak aurkitzen saiatzen" ari dira: "Espero dugu guztia denok nahi dugun norabidean joatea".

Alderdiek batasunari eustearen garrantzia nabarmendu dute kontsultaren aldekoek. Nolanahi ere, Kataluniako Gobernuko Kultura kontseilari Ferran Mascarellek iradoki du Masek "bide alternatiboak" bila ditzakeela galdeketa egiteko, azaroaren 9rako deitutakoa ezin bada egin.

Kontrol batzordearen dekretua

Kataluniako Parlamentuak babestutako kontrol batzordea izendatzeko dekretua sinatu du Masek, Auzitegi Konstituzionalak galdeketa behin-behinean bertan behera utzi arren. Kataluniako Gobernuak gaur argitaratu du dekretua aldizkari ofizialean. Espainiako Gobernuak eta PPk, ordea, iragarri dute datorren astean auzitara eramango dutela Masek dekretu hori izenpetu izana.

Alicia Sanchez Camacho Kataluniako PPko presidenteak eman du helegitearen berri, eta gaineratu du Madrilek "irmotasunez soseguz" diharduela: "Gobernua mugitzen ari da, epaitegien aurrera eramango duelako Artur Masek Hauteskunde Batzorde horretako zazpi kideak izendatzeko sinatutako dekretua, ezin baita existitu".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna