brasilgo hauteskundeak

Ezuste bat, eta lurrikararik ez

Dilma Rousseffek zortzi punturen aldearekin irabazi du Brasilgo presidentetzarako hauteskundeen lehenbiziko itzulia. Marina Silva, emaitzak irauli beharrean, bigarren itzulitik kanpo gelditu da.

Dilma Rousseff Brasilgo presidentea eta PTko hautagaia, botoa eman berritan, herenegun, Porto Alegren.
Dilma Rousseff Brasilgo presidentea eta PTko hautagaia, botoa eman berritan, herenegun, Porto Alegren. Neco Varella / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 7

Marina Silva PSB Brasilgo Alderdi Sozialistako presidentegaiak, beste faboritoetako batek, botoen %21,25 jaso ditu, eta, beraz, ez du nahikoa babes jaso aurrera jarraitzeko. Azken inkestek Silva jartzen zuten Aecio Nevesen aurretik —botoen %27 eta %24 biltzea espero zen, hurrenez hurren—. Hori horrela, azken bost hauteskundeetan bezala, parez pare ariko dira PT Langileen Alderdia eta Brasilgo Sozial Demokraziaren Alderdia.

Emaitzen berri jakin ondoren, Dilma Rousseffek adierazi du "borrokak" aurrera jarraitzen duela, eta ziurtzat jo du borroka horretan garaile izango dela: "Brasilgo herriaren borroka da, eta batuta dagoen herria ez da inoiz garaitua".

Eskerrak eman dizkie Langileen Alderdiko boto-emaileei, alderdia babesten dutenei eta "orain aliatuen artean ez dauden arren" alderdiarekin egon direnei. Bigarren itzulian ere Rousseffen alde egiten dute inkestek; urriaren 26an izango da. Silvak, lehiatik kanpo geratu ondoren, ez du argitu zeinen aldeko botoa emango duen bigarren itzulian.

Brasilgo hurrengo presidenteak ekonomian jarri beharko du arreta. Azkenaldian uzkurtu egin da, eta aurreikuspenen arabera, oso gutxi haziko da aurten, %0,3ren bueltan. Gainera, inflazioa %6,5era igo da, gobernuaren %4,5eko muga gaindituz. Egoera horretan piztu daitezkeen protesta sozialei aurre egin beharko dio. Kontuan izanik, gainera, 2016ko Olinpiar Jokoek inbertsio handiak eskatuko dituztela.


 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna