Hamar orduz estatu

80 urte bete dira Lluis Companys Generalitateko presidenteak Kataluniako Estatua aldarrikatu zuenetik.

Kataluniako Gobernuko kideak, preso, urriaren 6ko gertakariak zirela-eta.
Kataluniako Gobernuko kideak, preso, urriaren 6ko gertakariak zirela-eta. / Ainsa

Jon O. Urain -

2014ko urriak 6

"Une solemne honetan, herriaren eta parlamentuaren izenean, zuzentzen dudan gobernuak bere gain hartzen ditu botere ahalmen guztiak, Kataluniako estatua aldarrikatzen du Espainiako Errepublika Federalaren barruan, eta faxismoaren kontrako protesta orokorraren buruzagiekiko harremana indartuz, gonbidatzen die Katalunian ezartzera errepublikaren behin-behineko gobernua". Generalitateko egoitzako balkoira irten, eta hitz horiekin aldarrikatu zuen Lluis Companys Kataluniako Gobernuko presidenteak Kataluniako estatua. 1934ko urriaren 6a zen, 20:10ean.

Hamar ordu besterik ez zuen iraun Kataluniako estatuak, baina urriaren 6a erreferentziazko data bihurtu zuen. 80 urte bete dira egun hartako gertakarietatik. Companysek aldarrikatutako estatua ez zen independentea, “Espainiako Errepublika Federalaren barruan” kokatzen baitzen, nahiz eta Espainiako orduko errepublika federala ez izan. Garaiko giroaren ondorio izan zen aldarrikapen hura, baina antzekotasun batzuk nabari daitezke Katalunia-Espainia harremanek 1934an bizi zuten egoeraren eta egungoaren artean.

Aurrekariak

1931n onartu zuten kataluniarrek autonomia estatutua. Araua Espainiako Gorteetara eramatean, ordea, murrizketa ugari egin zizkioten, besteak beste Kataluniaren subiraniari eta Espainiako estatu federalari buruzko erreferentziak kenduz. 1932ko irailaren 9an onartu zuen Espainiako Kongresuak Kataluniako Estatutua. Hauteskundeak egin zituzten aste gutxira Katalunian, eta ERCk garaipen zabala eskuratu zuen. Francesc Macia izendatu zuten presidente, baina hura 1933 amaieran hil, eta Lluis Companys izendatu zuten Kataluniako presidente.

Espainian,1933ko azaroan egin zituzten hauteskundeak, eta eskuina izan zen garaile. Kataluniako gobernu ezkertiarraren eta Espainiako eskuindarraren arteko harremanak zaildu egin ziren horrela.

Laborantza Kontratuen Legea izan zen beste gatazka gune bat. Nekazaritza erreformari lotutako legea zen, eta Kataluniako Parlamentuak 1934ko apirilean onartu zuen. Lur jabeak ordezkatzen zituen Lliga Catalana alderdi eskuindarraren ekimenez, Espainiako Berme Konstituzionalen Auzitegiak lege horren konstituzionaltasuna azter zezan eskatu zuen Ricardo Samper Espainiako Gobernuko presidenteak, eta araua legez kanpokotzat jo zuen auzitegiak. Haserre bizia sortu zuen horrek Katalunian, eta irailaren 12an lege bera onartu zuen Kataluniako Parlamentuak, aldaketa gutxi batzuekin.

Urriak 1, krisia Espainiako Gobernuan. Samperrek dimisioa eman, eta Alejandro Lerrouxek hartu zuen gobernua, CEDA eskuindarreko hiru ministro izendatuz. Egoera eztandarazi zuen horrek. Grebara jo zuten Espainian urriaren 5ean; baita Katalunian ere, baina CNTk ez zuen babestu Katalunian, eta Kataluniako Langileen Aliantzak deitu zuen bertan grebara. Bartzelonan eragin handia izan zuen grebak.

Urriaren 6a

Espainiako Gobernuak gerra egoera emateko asmoa zuela jakitun, Kataluniako Estatua aldarrikatu zuen Companysek. Lerratzeak etorri ziren gero; Companysek haren aginduetara jartzeko eskatu zion Espainiako armadak Katalunian zuen kapitain jeneralari, Domingo Bateti, Companysek aldarrikatutako errepublika berria defendatzeko. Hark, ordea, gerra egoera deklaratu zuen, Madrilekin hitz egin eta gero. Batetik Esquadra mossoen buruzagi Enrique Perez Farrasi eskatu zion armadaren aginduetara jartzeko, baina hark soilik Generalitatearen aginduak jarraituko zituela erantzun zion. Mossoek, baina, ehun bat lagun baino ez zituzten gobernua defendatzeko. Companysek 06:00etan amore emanda, Espainiako armada urriaren 7ko 07:00etan sartu zen Generalitateko egoitzan, eta atxilo hartu zuten Companys, beste ordezkari politiko batzuekin batera.

Berme Konstituzionalen auzitegiak 30 urteko zigorra ezarri zion Companysi, eta Kataluniako autonomia bertan behera utzi zuen Madrilek 1934ko abenduan. 1936an Espainian Fronte Popularrak irabazi ondoren, amnistia eman zioten Companysi, eta Generalitateko presidente gisa itzuli zen Bartzelonara 1936ko martxoan. 1940an, jada herbestean, Espainiako Poliziaren eskariz atxilotu zuten; heriotza zigorra ezarri, eta Montjuicen fusilatu zuten 1940ko urriaren 15ean.

Informazio gehiago:

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna