kataluniako prozesu subiranista

Galdeketarako kontrol batzordea bertan behera uzteko eskatu dio Espainiak Konstituzionalari

Estatuko Abokatutzaren bitartez egin du eskaera. Galdeketa berme guztiekin egin ahal izateko, aste hau erabakigarria dela dio Homsek, eta "egin edo ez erabakitzeko" hilaren 15era arteko epea jarri du.

Berria -

2014ko urriak 6

Artur Mas Generalitateko presidenteak hilaren 2an sinatu zuen azaroaren 9ko galdeketarako kontrol batzordea izendatzeko dekretua. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak joan den ostiralean iragarri bezala, dekretua inpugnatzea erabaki du gobernuak. "Dekretu hori sinatzea erabaki badu, gobernuak bere betebeharra beteko du", ohartarazi zuen Saenz de Santamariak.

Generalitateak eta Kataluniako Parlamentuak aukera izango dute alegazioak aurkezteko, eta hori egin ostean, Espainiako Auzitegi Nazionalak gaia eztabaidatuko du osoko bilkuran. Auzitegiak bihar du bilera, baina ez da aurreikusten galdeketari lotutako gairik.

Batzordea legelari eta unibertsitate irakasleek osatzen dute: Merce Barcelo i Serramalera, Joaquim Brugue Torruella, Alfons Gonzalez Bondia, Miquel Martin Casals, Marc Marsal Ferret, Jordi Matas Dalmases eta Benet Salellas Vilar dira kideak. Bruguek, ordea, kargua uzteko erabakiaren berri eman du gaur Twitter bidez. Haren arabera, galdeketak ez ditu "berme demokratikoak" eskaintzen:

Francesc Homs Kataluniako Generalitateko bozeramaileak hautsak harrotu ditu gaur "galdeketa egin edo ez erabakitzeko" gobernuak hilaren 15era arteko epea duela esanda. Nabarmendu du galdeketa egiteko dekretuak baldintza batzuk aurreikusten dituela, eta horiek betetzeko datorren astera arteko epea dagoela. Bide horretan, aste hau erabakigarria izango dela gaineratu du.

"Hautesontziak jartzea erabakitzea epea urriaren 13an, 14an edo 14ean amaitzen da. Erabakia hartu behar bada, orain egin behar da. Ezin da erabaki hori azaroaren 7an edo 8an hartu", adierazi du Rac-1 irratian egin dioten elkarrizketan. Konstituzionalak galdeketa debekatuz jarraituz gero, esan du ikusiko dela "elkarrekin" zer erabakitzen duten.

Anna Simo ERCeko bozeramaileak, ordea, ondoren esan du hobe dela datarik ez finkatzea, pasa den asteko bileratan horrelakorik aipatu ez zutelako, bere hitzetan. "Galdeketarekin aurrera egiteko borondatea badago, eta horretarako beharrezkoak diren berme demokratikoak adostu ziren", erantzun du.

Simoren hitzetan galdeketa bideratuta dago, baina ez blindatuta. Galdeketaren aldekoek minutuan minutuko jarraipena egingo dutela aurreratu du, eta ahaleginean dena emango dutela, "baita azala eta lepoa ere".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna