Osasuna

Hiru lagun ari dira zaintzen Madrilen, ebola dela eta

Erizain batek positibo eman du, eta bi lagun kutsatuta egon daitezkeela uste dute. Badaezpada zaintzen ari ziren besteak ez du ebola. Espainiako Osasun Ministerioak azalpenak eman dizkie erkidegoetako zuzendariei. EBk bilera batera deitu du biharko.

Espainiako osasun arduradunak, Ana Mato ministroa buru dutela, atzo iluntzean egindako agerraldian.
Espainiako osasun arduradunak, Ana Mato ministroa buru dutela, atzo iluntzean egindako agerraldian. Ballesteros / EFE

Berria -

2014ko urriak 7

Atzo jakin zen Madrilen ebolaz kutsatutako gaixo bat artatu zuen erizaina gaitzaz kutsatu dela, eta horrek alarma guztiak piztu ditu azken orduetan. Madrilgo La Paz erietxean antzeman dute gaixotasuna, eta erietxe horretako zuzendari Rafael Santamariak eta sendagileek azalpenak eman dituzte goizean. Orduan lau ziren ebola izan zezaketelakoan zaintzen ari ziren gaixoak; ordu batzuk geroago jakinarazi dutenez, ordea, horietako bati egindako analisiek baztertu egin dute ebola izatea. Beraz, atzo positibo eman zuenaz gain, beste bi lagun kutsatuta egon daitezkeela uste dute.

Nabarmendu dute ospitalean erabilitako protokoloa ebolaren kontra beste erietxe batzuetan erabiltzen ari diren berdina dela. Aitortu dute kasu gehiago egon daitezkeela, baina argitu dute "herrialde garatuetan horrelako epidemiak gelditu" daitezkeela. Horrela, azaldu dute ebolaren kasuan soilik sukarra duen gaixoak kutsa dezakeela beste pertsona bat.

Espainiako Osasun Ministerioa harremanetan jarri da erkidegoetako osasun zuzendariekin, eta bideokonferentzia bidez gaia izan dute aztergai. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, Europan eri gehiago izateko aukera dago. Zsuzsanna Jakabek, erakundeak Europan duen zuzendariak, esan du "ziur asko" kasu gehiago izango direla Europan, "Espainian gertatu den bezala". Europatik Afrikako herrialdeetara eta alderantziz dauden bidaien ondorioz gerta daitekeela iritzi dio.

Europa, azalpen eske

Europako Batzordeak azalpenak eskatu dizkio Espainiari gertatutakoaren inguruan. Afrikatik kanpo kutsatu den lehen gaixoa da erizain hori. Europako Batzordeak ere biharko ezohiko bilera bat iragarri du erakundea osatzen duten 28 herrialdeetako adituekin egoera aztertzeko.

Matok atzo arratsaldean presazko agerraldi bat egin zuen, eta bistan geratu zen ez dela prozedura egokirik jarraitu. Gaixotasuna izan zezakeelakoan ospitalera jo zuen irailaren 30ean erizainak, baina etxera bidali zuten, eta bizitza normala egin du azken asteetan.

Atzoko agerraldian aitortu zuten ministerioko arduradunek erizainaren senarra eta lankideak zaintzen ari direla, gaitza izan dezaketelakoan, baina ez zuten erantzuten jakin oporretan non egon den erizaina.

Gauean, gainera, Carlos III.a ospitaleko irudiak zabaldu zituzten hango langileek, eta, horietan salatzen zutenez, izarekin bakartu zuten gaixoa lehen orduetan.

Gaixoa bart gauean Madrilgo Carlos III.a ospitalera erama zuten. Ospitale horretan kutsatu zen ebolaz, baina atzo Alcorcongo ospitalean artatu zuten. Gauerdian bi anbulantziak eraman zuten beste ospitalera, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak eskoltatuta.

Madrilgo erizaina Afrikatik kanpo kutsatu den lehen gaixoa da. AEBetan une honetan bada beste gaixo bat, baina hori NBC telebista katearen kamerari bat da, eta Liberian kutsatu zen; hain zuzen, gaitzaren berri ematera joan zenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna