kataluniako prozesu subiranista

Homsek berretsi du galdeketa "bideragarria" dela eta ez dagoela epe mugarik

Generalitateko bozeramaileak atzo esan zuen galdeketa egin ahal izateko atzera bueltarik gabeko puntua urriaren 13 eta 15 artean izango zela.

Francesc Homs Generalitateko bozeramailea, joan den astean. TONI GARRIGA, EFE
2014ko urriaren 7a
08:28
Entzun

Atzo ez bezala, gaur ez dio epe mugarik jarri Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak azaroaren 9ko galdeketari. "Bideragarria" dela ziurtatu du, eta azaroaren 9an egin egingo dela: "Jendeak bozkatu egingo du". Atzo, ordea, zehaztu zuen "atzera bueltarik gabeko puntua" urriaren 13 eta 15 artean iritsiko dela.

Homsek azaldu du Espainiako Gobernuaren "trabei iskin egiteko" prestaketetan ari dela Generalitatea. Kontsultarako dekretuan hasiera batean zehaztutako hainbat epe gaur amaitzen dira —bozkatu nahi duten atzerritarren erregistroan izena emateko epea edo udalek mahaiak jartzeko proposamenak egiteko epea, esaterako—. Homsek adierazi du zenbait epe zabaldu egingo dituztela; ez du zehaztu, ordea, zeintzuk izango diren. 

Kataluniako Gobernuak, bien bitartean, galdeketa babesten duten 900 udalen mozioak Espainiako Gobernuari eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalari bidaltzea erabaki du. Lau kaxatan bilduta, bi erakunde horietara bidaliko dituzte. Homsek esan duenez, modu horretan "euren begiekin" ikusi ahal izango dute mozioen "bolumena" ez dela "hutsala". Kataluniako 947 udaletatik 920k babestu dute azaroaren 9ko herri galdeketa.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.