Kataluniako prozesu subiranista

Zalantzaren bideak

Agindutako egunerako hilabete baten faltan, independentziari buruzko galdeketa nola gauzatu eztabaidatzen ari dira Kataluniako alderdi nagusiak. Kameren aurrean ez dute hitz egin nahi 'B planei' buruz. Hala ere, geroz eta ozenago adi daiteke askoren galdera: kontsulta ezin bada egin, zer?

920 udalerritako alkateak elkartu ziren larunbatean galdeketa babesteko.
920 udalerritako alkateak elkartu ziren larunbatean galdeketa babesteko. Toni Albir / EFE

Samara Velte -

2014ko urriak 10

Ostiralean zazpi orduko bilera egin ostean, gaur berriro elkartu dira Katalunian galdeketa egitearen alde dauden indar politikoak. CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP 18:00etan batzartu dira Robert jauregian, azaroaren 9ko galdeketarako hilabeteren faltan. Hiru ordu baino gehiago iraun du bilerak. Amaieran, ez dute bileraren gaineko xehetasunik eman. Quim Arrufat CUPeko kideak esan du "lanean" jarraitzen dutela; Joan Herrera ICVko ordezkariak nabarmendu du batasunari eusten diotela, eta hurrengo astea "erabakigarria" izango dela.

Ostiraleko bileraren ondoren, "batuta" jarraitzen dutela nabarmendu zuen Artur Mas Kataluniako presidenteak: "Ondo joan da dena, eta hori oso inportantea da. Aurrera goaz, eta aurrera segituko dugu, elkarrekin, denok batera".

Ara és l'hora kanpainaren sustatzaileek, ANCk eta Omnium Culturalek, beste ekitaldi bat iragarri dute: urriaren 19an egingo dute, Katalunia plazan (Bartzelona). Ostiralean emango dituzte deialdiaren gaineko xehetasun gehiago Carme Forcadell ANCko presidenteak, Muriel Casals Omniumeko presidenteak eta Ignasi Termes kanpainako ekitaldien koordinatzaileak.

Epaile baten jarduna aztergai

Santiago Vidal Bartzelonako Auzitegiko epailearen jarduna bertan behera uztea aztertuko du Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Kataluniako Konstituzioaren zirriborro bat egiten parte hartzeagatik. Epaileak onartu du lan horretan lagundu zuela, beste hamar aditurekin batera.

Antonio Jesus Fonseca-Herrerok abiarazi du Vidalen aurkako diziplina dosierra, legea urratu duelakoan, eta botere judizialeko diziplina batzordeari proposatu dio Vidali funtzio guztiak etetea. Kautelazko neurria litzateke. Batzordeak proposamena aztertu beharko du orain.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, berriz, atzera bota du bi epaile ezesteko eskaera. Kataluniako Parlamentuak eskatu zuen Francisco Perez de los Cobos auzitegiko presidentea eta Pedro Gonzalez-Trevijano magistratua ezesteko; haren arabera, desegokiak dira Kataluniako subiranotasunari buruz erabakitzeko, lehendik ere prozesu subiranistaren aurka agertu direlako edota PPn militatzen dutelako. Konstituzionalak, ordea, ez du eskaera onartu.

Galdeketa, udalen bitartez

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekua saihestu eta kontsulta egin ahal izateko bestelako bideak aztertzen ari da Kataluniako Gobernua. La Vanguardia egunkariak atzo argitaratu zuenez, galdeketa udalen bitartez antolatzeko plana du mahai gainean Masen gobernuak.

Balizko bide horren xehetasunak zabaldu ez badira ere, Kataluniako lurralde osoan zehar udalez udal eta egun berean egingo liratekeen galdeketak lirateke gobernua aztertzen ari den planaren oinarria. La Vanguardia-ren arabera, Kataluniako Gobernuaren babesa edukiko lukete galdeketa horiek.

Kataluniako 920 udalek babestu dute azaroaren 9ko herri galdeketa, eta, larunbatean, agerraldia egin zuten herri horietako alkateek Generalitateko presidente Artur Masekin batera, Bartzelonan. Maria de los Llanos de Luna Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak, bestalde, gutun bat bidali die udaletako idazkari eta ikuskatzaileei, ohartarazteko Kontsulta Legea etenda dagoen heinean debekatua dutela galdeketarako "prestakuntza lanak" egitea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna