Kobane

Suak muga gurutzatu du

Gutxienez 21 lagun hil dira Turkian eta haren mendeko Kurdistanen, Kobaneren alde izandako protestetan. Siriako kurduen hirian, aire erasoek Estatu Islamikoari traba egin diote lehenbiziko aldiz.

Atzo Diyarkabirren (Turkiaren menpeko Kurdistan) izandako protestak.
Atzo Diyarkabirren (Turkiaren menpeko Kurdistan) izandako protestak. Sertac Kayar / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 8

Irailaren 16an abiatu zuen Estatu Islamikoak Siriaren menpeko Kobane hiri kurduaren aurkako setioa. Geroztik, hiriari eutsi nahian ari dira YPG Herriaren Babeserako Unitate kurduak, islamisten aurkako borrokan. Azken egunetan, aurrera egin du Estatu Islamikoak Kobaneko kaleetan, eta kurduek Turkiari egotzi diote egoeraren erantzukizuna. Izan ere, Turkiako Gobernuak behin eta berriro eman die ezezkoa Kobane laguntzeko eskaerei, eta laguntza pasa dadin muga irekitzeko aukera ere baztertu du —Turkiako mugatik kilometro gutxira dago Kobane—.

Jarrera horrek protestak eragin ditu Turkiaren menpeko Kurdistanen. Bart gauean liskarrak izan ziren ezkerreko kurdu eta Kausa Askea Alderdiko muturreko islamisten artean, eta, hainbat hedabideren arabera, hemezortzi hildako izan ziren Diyarbarkir, Batman, Siirt eta Mardin hirietan. Mus probintzian, gainera, gazte bat hil zen poliziaren gas-poto batek jota. Turkiako hiri nagusietan ere, Ankaran eta Istanbulen kasurako, gobernuaren jarreraren aurkako protestak izan ziren. Azken horretan ehun manifestari inguru atxilotu zituen poliziak, eta 30 zauritu izan ziren.

Kobanen, bestalde, atzera egin dute Estatu Islamikoaren tropek, AEBek zuzendutako koalizio militarrak airez eraso ostean. Siriako Giza Eskubideetarako Behatokiak jakinarazi duenez, hiriaren hegoaldean eta ekialdean kokatutako indar islamistek pairatu zituzten eraso horiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna