NOBEL SARIAK

Patrick Modianorentzat Literaturako Nobel saria

Idazle frantziarra saritu du Suediako Akademiak.

Patrick Modiano. /
Patrick Modiano. / BERRIA

Juan Luis Zabala -

2014ko urriak 9

Patrick Modiano eleberrigile frantziarrak jasoko du aurten Literaturako Nobel Saria, Suediako Akademiak gaur jakinarazi duenez. "Giza paturik atzemanezinenak gogora ekartzeko landu duen oroimenaren artea" laudatu du Suediako Akademiak, eta baita bere nobelen bidez naziek Frantzia okupatuta izan zuten garaia erakutsi izana ere. Abenduaren 10ean jasoko du saria, Suediako erregearen eskutik, Stockholmen. Zortzi milioi koroa suediar eskuratuko ditu, hots, milioi bat euro inguru.

Saria jasotzen duen hamabosgarren idazle frantziarra izango da. Iaz Alice Munrok jaso zuen saria. Frantzia da gaur egun Nobel saria irabazitako idazle gehien duen estatua. Bigarren postuan AEBak daude, hamaika saridunekin, eta hirugarrengoan Erresuma Batiua, hamarrekin. 

1945eko uztailaren 30ean jaio zen Modiano, Boulogne-Billancourt-en (Ile-de-France, Frantzia). Bere eleberri gehienak Parisen kokatuta daude eta hiriak presentzia handia du haietan. Nobeletako askotan Bigarren Mundu Gerraren osteko giro iluna islatzen da. Modianoren  obra gehienetan pertsonaia nagusiak bere iraganarekin zerikusia duen norbaiten edo zerbaiten bilaketa kontatzen du, lehen pertsonan. Misterio giro desoseguzko bat nagusitu ohi da, baina misterio hori ez da thriller edo nobela poliziako batenaren antzekoa, pertsonaiak egiten duen bilaketa motela eta oso pertsonala izaten baita, eta gertakariak oso xumeak gehienetan.

Bere eleberri ezagunenen artean honako hauek daude, besteak beste: La Place de l'Etoile (1968), Boulevards de ceinture (1972), La Ronde de nuit (1969), Villa Triste (1975), Livret de famille (1977), Rue des boutiques obscures (1978, Goncourt sariaren irabazlea), Une jeunesse (1981), De si braves garçons (1982), Dimanches d'août (1986), Chien de printemps (1993), Dora Bruder (1997)…

Horrez gain, Louis Malle zinemagilearekin batera haren Lacombe Lucien filmaren gidoia idatzi zuen. Malleren filmak naziekin kolaboratu zuten frantsesen gaia lantzen du, eta zer esan handia eman zuen estreinatu zenean, 1974an. Gazte literaturako hainbat narrazio ere badu argitaraturik.

Modianoren bi eleberri daude euskaratuta: Udaberri alua (Igela, 2008), Pello Lizarraldek euskaratua (jatorrizkoan Chien de printemps, 1973); eta Villa Triste (Igela, 2011), Joseba Urteagak euskaratua (jatorrizkoan Villa Triste, 1975). Euskal idazleen artean Pello Lizarralde eta Anjel Lertxundi izan dira Modianoren aldezle gisa gehien nabarmendu direnak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna