erabakitzeko eskubidea

Kataluniako prozesu politikoa babestu du Eusko Legebiltzarrak

Herriek beren etorkizun politikoa erabakitzeko «zilegitasun demokratikoa» dutela onartu dute EAJk eta EH Bilduk testu batean. Erabakitzeko eskubidearen muga legean jarri dute PSE, PP eta UPDk.

EH Bilduren ekimenez, Kataluniako prozesuari babesa emateko lege proposamena eztabaidatu da osoko bilkuran. Irudian, bilkurako unea, EH Bilduko legebiltzarkideek Senyera erakutsi duten unea. /
EH Bilduren ekimenez, Kataluniako prozesuari babesa emateko lege proposamena eztabaidatu da osoko bilkuran. Irudian, bilkurako unea, EH Bilduko legebiltzarkideek Senyera erakutsi duten unea. / Juanan Ruiz/ARP

Edurne Begiristain -

2014ko urriak 10

Eusko Legebiltzarrean osoko bilkura ari dira egiten gaur goizean, eta eztabaidagai izan dute EH Bilduren ekimenez Kataluniako Parlamentuak abiatutako prozesu politikoaren aldeko ebazpena. EAJk eta EH Bilduk erdibideko testua hitzartu dute, eta hura da gehiengoz aurrera atera dena. Ebazpenaren bidez, legebiltzarrak adierazi du herriek beren etorkizun politikoa erabakitzeko "zilegitasun demokratikoa" dutela, "mugak izan behar duelarik herritarrek demokratikoki adierazi eta erabakitzen dutena". Halaber, ganberak "errespetua eta aitortza" adierazi dio Kataluniako Parlamentuak abiatutako "prozesu politiko eta demokratikoari", kataluniar herriaren gehiengoaren "borondate demokratikoaren" adierazpena delako. Onartutako testuan dioenez, prozesu horren xedea "Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubidearen ariketa gauzatzea da, bere etorkizun politiko kolektiboa zehazteko".

EAJren eta EH Bilduren 48 botoekin egin du aurrera ebazpenak, eta aurkako 27 boz jaso ditu, PSE-EE, PP eta UPDrenak. Eztabaida amaitu eta ebazpena bozkatu denean, txaloka hasi dira EH Bilduko legebiltzarkideak, eta estelada bat atera dute Unai Urruzuno eta Dani Maeztu legebiltzarkideek. Une horretan kargu hartu die Bakartxo Tejeria presidenteak, esanez ganbera ez dela "zirku bat".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna