BOLIVIA

Eskura zuen, eta eskuratu du

Evo Moralesek aise irabazi ditu Boliviako presidentetzarako bozak, botoen %60 jasota, eta 2020ra arte segituko du karguan. Hirugarren agintaldia du jarraian. Santa Cruzen nagusitu da lehen aldiz.

Evo Morales, gobernuaren egoitzatik herritarrei hitz egiten, hauteslekuetan eginiko inkestek hura garailetzat jo ondoren.
Evo Morales, gobernuaren egoitzatik herritarrei hitz egiten, hauteslekuetan eginiko inkestek hura garailetzat jo ondoren. Martin Alipaz / EFE

Oihan Vitoria -

2014ko urriak 13

Boliviako presidentetzarako hauteskundeen emaitza ofizialak goizean ezagutaraziko dituzte, baina Evo Morales garailetzat jo dute jada, historikoki bat etorri ohi direlako bozkalekuetan eginiko inkestak eta Hauteskunde Batzordeak eman ohi dituen emaitzak.

Moralesek berak irabazletzat jo du bere burua, eta jarrailtzaileekin ospatu du garaipena. Emaitzak Fidel Castro Kubako presidente ohiari eta Hugo Chavez Venezuelako presidente zenari eskaini dizkie zehazki, eta munduko gobernu "antiinperialista" guztiei oro har.

Oposizioari, berriz, eskua luzatu dio Moralesek, eta "Boliviaren alde" lan egitera deitu du. Lehen aldiz, Santa Cruzen nagusitu da presidentea, nahiz eta lurralde hori aberatsa eta, historikoki, oposizioaren aldekoa den.

Gainerako hautagaiek ere ontzat jo dituzte emaitzak. Moralesen gobernua gertutik jarraituko dutela ziurtatu dute, eta agindu lan egingo dutela Morales boterean "betikotu" ez dadin. Samuel Doria enpresari kontserbadoreak botoen %25 inguru jaso ditu, eta, horrela, hirugarren aldia da hauteskundeak galtzen dituena. Jorque Quiroga 2001 eta 2002. urteetan Boliviako presidente izandakoa izan da boto gehien eskuratu duen hirugarren hautagaia: %9,6.

Zorion mezu ugari

Hainbat herrialdetako agintari edota ordezkari politikoek zoriondu dute Morales; besteak beste, Piedad Cordoba Kolonbiako senatari ohiak, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak eta Salvador Sanchez Ceren El Salvadorko presidenteak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna