KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Boz plebiszitarioak proposatu ditu Trantsizio Nazionalerako Kontseiluak

Erakundeko presidenteak uste du hauteskundeen ostean osatutako parlamentuak aldebakarreko independentzia aldarrikapena egin dezakeela, eta urte eta erdiko epean sor dezaketela estatu independentea.

Carles Viver Pi-Sunyer eta Artur Mas, Liburu Zuriaren aurkezpenean.
Carles Viver Pi-Sunyer eta Artur Mas, Liburu Zuriaren aurkezpenean. Marta Perez / EFE

Berria -

2014ko urriak 13

Konstituzionalak kontsultaren baliogabetzeari eutsiz gero boz plebiszitarioak egitea proposatu du Kataluniako Trantsizio Nazionalerako Kontseiluko presidente Carles Viver Pi-Sunyerrek: "Arazoa da, Konstituzionalak epairik eman ezean, botoa emateko unea ez dela legezkoa izango". Azaroaren 9ko data atzeratzeko aukerari "dramatismoa" kentzeko eskatu du: "Badirudi ezin bada bozkatu prozesua etengo dela; gauzak perspektiba gehiagorekin begiratu behar dira: prozesu luzea eta zaila da".

Haren ustez, azaroaren 9an kontsultarik ez egiteak ez luke herritarren "desmobilizazioa" eragin behar, eta, horretarako, eman beharreko pausoetako batzuk iragartzea jo du egokitzat.

Hauteskunde plebiszitarioetara independentziaren aldeko zerrenda bakarra edo puntu komun hori duten zerrenda bat baino gehiago aurkez daitezkeela uste du Viverrek. Aukera horrek Kataluniako Parlamentuan gehiengoa eskuratuz gero, aldebakarreko independentzia deklarazioa egin lezake parlamentuak, eta urte eta erdiko epean estatu independentea sortu.

Aukera hori jaso zuen Kataluniako Trantsizio Nazionalerako Kontseiluak, Kataluniako Gobernuarentzat eginiko txostenetako batean. Nolanahi ere, aste erabakigarria izango da Kataluniako etorkizun politikoari buruzko kontsulta egingo den ala ez erabakitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna