NOBEL SARIAK

Merkatuen arautzea ikertu duen teorikoa

Suediako Zientzia Akademiak Ekonomiako Nobel saria eman dio Jean Tiroleri, "merkatuaren indarraren eta erregulazioaren azterketagatik". Ekonomista frantziarra harrituta eta "uzkurtuta" agertu da.

Joxerra Senar -

2014ko urriak 13

Tolosako (Okzitania) Capitole Unibertsitateko irakaslea da Jean Tirole. Suediako Zientzia Akademiak nabarmendu du egun eragin handienetakoa duen ekonomialaria dela Tirole: "Hainbat esparrutan ikerketa teoriko garrantzitsuak egin ditu, baina, batez ere, argitu du nola ulertu eta arautu industriak enpresa gutxi baina indartsu batzuekin".

Frantzian ingeniaritza arloko ikasketak amaitu zituen 1976an, Parisko Eskola Politeknikoan, eta 1981ean AEBetako MIT Massachusetts-eko Teknologia Institutuan doktoretza eskuratu zuen; 1984tik 1991ra bitartean, berriz, MITen Ekonomia irakasle jardun zuen. 1998an Ekonometria Sozietateko presidente izendatu zuten, eta 2001ean Europako Ekonomia Elkarteko buru. 

Ekonomia Nobel saria eskuratzen duen hirugarren frantziarra da. Aurretik, 1983an Gerard Debreuri eman zioten saria, eta 1988an, Maurice Allaisi.

Suediako Zientzietako Errege Akademiaren arabera, gaur egun “itzal handieneko ekonomistetako bat” da Jean Tirole. Ekonomiaren hainbat esparru jorratu baditu ere, merkatuen eta erregulazioen azterketan nabarmendu da. Hala arrazoitu du Akademiak: “Oligopolioen eta informazio asimetrikoaren auzietan sakondu du; baina, gainera, irakaskuntzarako, aplikazio praktikorako eta ikerketa iraunkorrerako hark eta beste batzuk lortutako emaitzak biltzeko gai izan da”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna