KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

"Behin-behineko galdeketa bat", eta gero hauteskunde plebiszitarioak

Kataluniako Gobernuak azaroaren 9ko galdeketa egiteko asmoari eutsi dio, baina Kontsulta Legea ez den beste oinarri juridiko batekin. Antolaketa guztia Generalitatearen esku geratuko litzateke.

Ia bi orduko prentsaurrekoa eman zuen Artur Mas Kataluniako presidenteak atzo, Generalitatearen Jauregian.
Ia bi orduko prentsaurrekoa eman zuen Artur Mas Kataluniako presidenteak atzo, Generalitatearen Jauregian. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Samara Velte -

2014ko urriak 15

Atzoko bileraren ostean gobernuak aurrera egingo duela jakinarazi du Masek gaur goizean egin duen agerraldian. "Ez orain arte izan den batasunarekin, baina aurrera egingo dugu", esan du Kataluniako presidenteak. Sendo mintzatu da Mas, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekuaren aurrean kikildu beharrean, indartuta atera da gaurko agerraldian. Galdeketa egiteko asmoari eutsi dio Generalitateak, eta jakinarazi du lehendik dauden parte-hartze prozesuen bitartez bideratuko duela galdeketa hori, "erabakitzeko eskubidearen aldeko 920 udalen laguntzarekin". Ez hori bakarrik, ordea; bere agerraldian esan du behin betiko galdeketaren aurrekoa izango dela azaroaren 9koa, eta behin betiko galdeketa hauteskundeetara deituta egingo luketela, "zerrenda eta programa bateratuarekin".

Azaldu du Masek azaroaren 9an hauteslekuak, hautetsontziak eta botopaperak egongo direla, eta 16 urtetik gora dutenek bozkatu ahal izango dutela. "Arrakastatsua izan daiteke azaroaren 9a. Ez da behin betiko galdeketa, baina horretara iristeko pauso erraldoia izan daiteke". Galdeketa horretan izango den parte hartzea "denon" ardura izango dela esan du: "Ez ditut imajinatzen galdeketaren aldeko alderdiak bozkatzera ez joateko eskatzen", adierazi du. Hala ere, herritarren erantzuna zabala izango dela seguru dago, orain arte izan den mobilizazioan oinarrituta. Aitortu du Masek galdeketa ez dela egingo dekretuan jaso ziren baldintzekin, baina galderak lehen adostutakoak izango direla jakinarazi du. 

Kataluniako Gobernuak prestatuko du bozkatzeko behar den guztia. 20.000 boluntario baino gehiago ariko dira, eta galdeketaren aldeko elkarteen laguntza ez ezik udalena ere izango dutela gaineratu du. Hautetsontziak Kataluniako Gobernuaren lokaletan egongo direla esan du, eta emaitzak azaroaren 10ean ezagutuko direla iragarri.

Hauteskunde plebiszitarioak iradoki ditu

Hala ere, garbi utzi du azaroaren 9ko galdeketa hori ez dela behin betiko galdeketa izango, horien aurrekoa baizik. Presidenteak jakinarazi du behin betiko erreferenduma hauteskundeetara deituta helduko litzatekeela. Gaineratu du bere asmoa agintaldia amaitzea dela, baina asmo hori alda daitekeela baldintzak aldatzen badira. Azaldu du "unea iritsita" ohiko moduan deituko lukeela berak bozetara, baina alderdiek zerrenda eta programa bateratuak aurkeztu beharko lituzketela eta emaitza erreferendum bateko emaitza izango litzatekeela. "Garbi adieraziko genuke zer izaera duten, eta garbi geratuko litzateke emaitzak zer esan nahi duen, irabazi ala galdu". Hala ere, ondo azpimarratu du hauteskunde plebiszitarioek ez dutela lekurik Espainiako legedian; beraz, azaldu du alderdien ardura izango litzatekeela ohiko hauteskunde horien beste izaera hori ematea.

"Behin betiko kontsulta, berme guztiak lituzkeena, soilik egin ahal izango litzateke alderdiek erreferendum bilakatutako hauteskunde batzuen bidez", esan du. "Hori da behin betiko galdeketa egiteko geratzen zaigun modu bakarra". Hala ere, gaineratu du oraindik "kontzeptu" horrek ez duela nahikoa adostasunik. Independentzia alde bakarretik aldarrikatzeko aukeraz galdetuta, erantzun du "herrialde serio batean" hori erreferendum baten ostean eman beharreko pausoa dela.

Batasunerako deia

Onartu du kontsentsua ez dela orain artekoa bezain handia izango azaroaren 9ko galdeketari begira, baina gaineratu du Masek batasuna ondare garrantzitsua dela eta horri eusten ahalegindu dela. "Alderdi politikoak irtenbidearen parte izan daitezke, edo arazoaren parte", ohartarazi die oposizioko alderdiei.

Batasuna eskatu die presidenteak alderdiei, eta nabarmendu du "aurkaria" ez dagoela Katalunian. "Nik badakit benetako aurkaria Espainiako estatua dela. Horrek debekatzen digu galdeketa egitea", ohartarazi die oposizioko alderdiei, batasunaren mesedetan.

Rajoy: "Galdeketa ez egitea albiste bikaina da"

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea pozik agertu da Masen agerraldiaren aurretik, Kataluniako Gobernuak azaroaren 9ko galdeketa bertan behera uzteaz hartutako erabakiarekin. "Albiste bikaina da. Espainia herrialde aurreratua da, eta legea betetzea denon eginbeharra da", esan du Rajoyk. Masek gero erantzun dio batzuetan albiste bikainek ordu batzuk besterik ez dutela irauten.

Rajoyk nabarmendu du Espainia "Europako nazio zaharrena" dela. Konstituzioa goratu du, herritarren eskubide eta askatasunen bermetzat joz, eta gaineratu du haren bidez Espainia "munduko eredu deszentralizatuena" dela. "Asko gara benetan elkarrekin bizi nahi dugunak", erantsi du.

Kataluniarentzat eskaintzarik ba ote duen galdetuta, azaldu du Espainiaren subiranotasuna ez dagoela parlamentuaren esku, Espainiako herriaren esku baizik: "Hitz egin dezakegu guztiaz, baina garrantzitsuena da proiektu bat elkarrekin eraikitzea".

Trabak gainditzen

Azaroaren 9a gero eta hurbilago dago, eta Katalunian independentziari buruzko herri galdeketa egiteko indarrak bildu dituzten alderdiak ahalegin betean ari dira Espainiako Estatuak jarritako trabak nola gainditu eztabaidatzen. Irailaren 29tik, Auzitegi Konstituzionalak Kontsulta Legea eta A-9rako deialdiaren dekretua behin-behinean baliogabetu zituenetik, hirugarren bilera egin zuten atzo Kataluniako Gobernuko eta CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdietako ordezkariek. Baina, kontsultarako 27 egun falta direla, gero eta estuago dabiltza.

13:00ean hasi zuten bilera atzo Kataluniako Gobernuko eta CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPeko ordezkariek, Bartzelonako Pedralbes jauregian, eta, 16:00etan eten bat egin ondoren —bilera utzi zuten Joana Ortega presidenteordeak eta Francesc Homs eta Ramon Maria Espadaler kontseilariek—, eztabaidatzen jarraitu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna