ATXILOKETA

Polizia operazioa, frantsesezko bide seinaleak Parisera bidaltzeagatik

Aitzinako kide bat atxilotu dute jendarmeek, eta antolakundearen egoitza miatu. Aske da gaztea, eta agerraldira deitu du gaurko Aitzinak.

Aitzinaren aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo Baionan.
Aitzinaren aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo Baionan. / Bob Edme

Nora Arbelbide - Hodei Iruretagoiena -

2014ko urriak 17

Goizeko zazpietan, Alex Felmann Aitzina-ko langilearen etxera iritsi da Jendarmeria, Arrosan (Nafarroa Beherea). Etxea miatu ondoren, Frantziako Polizia Aitzina-k Baionan duen egoitzara joan da atxilotuarekin, eta hango barneak arakatu ditu. Orain, Marracq-eko Jendarmerian daukate gaztea. Egoitzaren argazkia sareratu du Aitzina-k berak:

Felmannen bizilagunari erran diotenez, Kontseilu Nagusiaren bide seinaleen "istorio" bati lotua da operazioa. Hala baieztatu du Baionako prokuradoreak ere, eta Kontseilu Nagusitik ere esan dute uztailean jakinarazi ziotela Jendarmeriari bide seinaleak falta zirela. Elkarretaratzea egin dute arratsaldean Baionan, atxilotutako lagunari babesa adierazteko. Arratsaldean bertan Aitzina-k jakinarazi duenez, aske utzi dute. Bihar agerraldia egingo dute.

Joan den uztailaren 14an, Aitzina gazte mugimenduak frantses hutsean ziren bide seinale batzuk kendu eta Pariserako trenean jarri zituen, eta bideo baten bidez zabaldu zuten haren berri. Honako hau da bideoa:

EhKz-ren materiala eraman dute

EhKz-ko kideek salatu dute miaketa unean haien ordenagailua eta disko gogorra eraman dituztela. "Lapurreta hori gogorki salatu nahi dugu, prentsa askatasunaren kontrako erasoa delako", adierazi du Ekhi Erremundegi EhKz-ko koordinatzaileak. Gaineratu du "onartezina" dela Poliziak Aitzina gazte antolakundearen kontra eraman operazioa "komunikabide baten materiala konfiskatzeko baliatzea".

Are gehiago, Euskal Herriko garai politiko "berri" honetan Aitzina gazte antolakundearen kontrako operazioa "ulertezintzat" jo dute Radio Kultura eta EhKz-k, eta elkartasun osoa "erakutsi" nahi dute Alex Feldmani, zeinak egunero haiekin egoitza berean lan egiten duen, bai eta haren lagun eta senideei ere. Era berean, EhKz-ren materiala "itzultzeko eskaera irmoa" egin dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna