Kataluniako prozesu subiranista

Homs: "Edozer egiteko prest gaude zerrenda bakarrak aurrera egin dezan"

Generalitateko bozeramaileak "barkamena" eskatu du azken egunetan erakutsitako batasun faltagatik, eta hauteskundeetarako zerrenda bakarraren ideia defendatu du.

Francesc Homs Generalitateko bozeramailea, aurreko agerraldi batean.
Francesc Homs Generalitateko bozeramailea, aurreko agerraldi batean. Toni Garriga / EFE

Berria -

2014ko urriak 16

Francesc Homs Kataluniako Gobernuko eledunak balizko hauteskunde plebiszitarioetan zerrenda bateratua osatzeko proposamena berretsi eta defendatu du. Alde horretatik, gainera, “edozer egiteko prest” daudela ziurtatu du Homsek, eta negoziaziorako borondatea erakutsi du, proposamenak aurrera egin dezan: “Ez gaude inorri baldintzak jartzeko egoeran”. Bide beretik, ez du baztertu balizko zerrenda horretan gizarte zibileko ordezkariek parte hartzea. Generalitateko bozeramaileak hurrengo hilabeteetako erronkaren dimentsioa nabarmendu du, gainerako alderdiei ardura eskatuz: “Hain da handia eremu honetan egiteke daukaguna, hain denona, alderdi guztiak elkartzea komeniko lukeela, laguntzeko eta ez hainbeste [prozesua] protagonista izateko”.

Generalitateko eledun eta CDCko kideak, edonola ere, orain arte egindako lana eskertu die kontsultaren aldeko alderdiei: “Egiten ari garen gauza on guztiak, azaroaren 9ko kontsultatik hasita, lepoa jarri duen mundu guztiari esker egin ditugu”. Zehazki, ERCren papera nabarmendu du, “orain arte egindako lan guztia publikoki” eskertuz, baina CUP, ICV eta “azaroaren 9an bozkatu behar dela ulertzen eta konpartitzen duten” sozialista askoren lana ere goraipatu du.

Bestalde, azken astean kontsultaren aldeko alderdiek erakutsitako batasun falta izan du hizpide Homsek, barkamena eskatzeko: “Azken egunetan ez dugu irudi onik erakutsi, eta nik, tokatzen zaidan aldetik, barkamena eskatu nahi diot jendeari. Ezin dugu berriro halakorik egin”. Alde horretatik, azken egunetan ANCk eta Omnium Culturalek “belarritik tira egin” dietela onartu du Generalitateko bozeramaileak, eta jarrera hori eskertu die talde horiei, haien betebeharra dela iritzita.   

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna