hezkuntza

D eredua Nafarroako sare publiko osora zabaltzeko urratsa egin dute

Eremu ez-euskaldunean D eredua ezarri ahal izateko, euskararen legea aldatzeko proposamena aurkeztu dute PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak. Aralarrek eta Bilduk babestu egin dute moldaketa.

Ezkerrako Txema Mauleon eta Marisa de Simon, Geroa Baiko Manu Aierdi eta PSNko Pablo Rascon, atzo, proposamena erregistratu ondoren.
Ezkerrako Txema Mauleon eta Marisa de Simon, Geroa Baiko Manu Aierdi eta PSNko Pablo Rascon, atzo, proposamena erregistratu ondoren. IŅIGO URIZ / ARP

Lohizune Amatria -

2014ko urriak 21

PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak gaur aurkeztu dute Euskararen legea aldatzeko proposamena. Eremu ez-euskaldunean ere D eredua eskaintzeko, erdal ereduak ukitu gabe. "Legea aldatzeko beharra dago, euskaraz ikasteko eskaria bete ahal izateko", azaldu du Jose Miguel Nuin Ezkerrako eledunak. Proposamena Ezkerraren ekimena izan da, eta jada zenbait aste daramate hori lantzen alderdiek. Akordioa lortu dute PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak. PSNren iritzi aldaketa zuhutziaz hartu zuten hasiera batean, baina pausoa emango du. Testu legala sinatu dute gaur, eta ekimena erregistratu dute erregistroan. Bilduk eta Aralar-NaBaik babesa adieraziko diote, nahiz eta nahikoa ez dela pentsatu. UPN eta PP aurka agertuko dira, baina ez dute Parlamentuan legea atzera botatzeko nahikoa indarrik.

Urrats garrantzitsua da Nuinen ustez, aldaketa historikoa. Hala adierazi du ere, Manu Aierdi Geroa Baiko eledunak: "Momentu inportantea da, eta euskararen normalizazioaren alde ematen diren aurrerapauso guztiak babestuko ditugu". Aralar-NaBaiko eledun Patxi Zabaletak, berriz, lege proposamenari zuzenketak egingo dizkiotela azaldu du: "Ez da gure legea. eta ez ditu euskarak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen". Antzera hitz egin du Maiorga Ramirez Bilduko eledunak: "Euskara ofiziala behar du izan Nafarroan, ez dugu lurralde zatiketarik behar". Euskararen Legearen 26. artikulua aldatuko dute: "Euskararen irakaskuntza eremu ez euskaldunean". Eskariaren arabera, euskarazko irakaskuntza ahalbidetuko du aldaketak.

28 urteko legea

Jada 28 urte dira Nafarroan Euskararen Legea onartu zenetik. Angel Navallas Zangozako alkateak atzo BERRIAn esan zuen moduan, "bada garaia gai hau behingoz normalizatzeko". Legea ez dute behera botako PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak euren proposamenarekin, baina Nafarroako eremu ez-euskalduneko ikasleekiko diskriminazioarekin amaituko dute; alegia, euskara Nafarroa osoan hizkuntza ofizial izango ez den arren, egin nahi duten aldaketarekin horiek ere ikasi ahal izango dute euskaraz.

Euskararen Legeak hiru eremutan banatu zuen Nafarroa 1986an. Ondorioz, eremu ez-euskaldunean hezkuntza sistema publikoan ezin da euskaraz ikasi, eta ikasleek ehunka kilometro egin behar izaten dituzte beste eremu batzuetara. Hainbat aldiz eskatu dute hori aldatzeko alderdi politiko eta hezkuntzako eragile zenbaitek, baina ezezkoa jaso izan dute beti, baita PSNren aldetik ere.

Lege aldaketarekin eskola jakin batean euskaraz ikasteko gutxieneko ikasle kopuru bat badago, Nafarroako Hezkuntza saila behartuta legoke D eredua ere eskaintzera. Legearen bultzatzaileek Nafarroako Gobernuaren esku utziko dute gutxieneko horrek zenbatekoa izan behar duen esatea, baina edozein kasutan erdaraz eskolak emateko behar den gutxieneko ikasle kopuru bera izango da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna