kolonbia

ELN eta FARC, bide beretik

ELNk azaldu duenez, gerrillek bilerak egin dituzte, "bi elkarrizketa prozesuen bat egitea lortzeko". Aitortu dute zaila dela bi prozesuak batzea "garapen eta ikuspuntu desberdinak" dituztelako.

FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako ordezkariak, iraila amaieran, Habanako Konbentzioen Jauregira iristen.
FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako ordezkariak, iraila amaieran, Habanako Konbentzioen Jauregira iristen. ALEJANDRO ERNESTO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko urriak 21

ELNk kaleratutako oharrean dio FARCeko ordezkariekin bildu direla, eta bi elkarrizketa prozesuen bat egitearen xedea bake akordio bat lortzea litzatekeela.

Oharrean azaltzen denez, bi prozesuek "ikuspuntu ezberdinak" dituzte, baina, hala ere, argi dute Kolonbian bakea "bakarra" dela. "Borroken alde biko etetea gobernuarekin adosteko beharra adierazi dugu", gaineratu dute.

"Bakean eta berdintasunean herrialde bat eraikitzeko asmoak gatazkaren eta irtenbidearen bi ikuspuntu jartzen ditu aurrez aurre. Gauza bat dira insurgentziak bakerako proposatzen dituztenak —gehiengoen iritzia biltzen dute—, eta beste bat gobernuak eta boterearen eliteak dioena".

Nazioa Askatzeko Armadaren ustetan, jardun demokratikoa "soilik" gehiengoek gara dezakete, eta, horregatik, uste du bake prozesuan gehiengo horiek direla hori garatu behar dutenak, parte hartze zuzenaren bidez. "Ez dago bakea bermatzeko beste modurik". ELNk dioenez, "benetako bake prozesu bat" gizartetik eraikitzen dena da.

Kolonbiako Gobernua eta FARC 2012ko azarotik ari dira biltzen Habanan, eta hainbat akordio lortu dituzte. Bien bitartean, joan den ekainean ELNk eta gobernuak jakinarazi zuten "esploratzeko bilerak" egingo zituztela. Horrekin batera, Nicolas Rodriguez ELNko buruak esan berri du azken hilabeteetan harremanetan izan dela Juan Manuel Santos presidentearekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna