'parot doktrina'

Urtebete giza eskubideen mugarritik

Gaur urtebete baliogabetu zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina', giza eskubideen kontrakoa dela iritzita.

Parot doktrinaren kontrako ebazpena eman zuen duela urtebete Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. PATRICK SEEGER / EFE
Maite Alustiza.
2014ko urriaren 21a
07:11
Entzun

Giza eskubideak urratzen zituela. "Legez kanpokoa" zela. Hala ebatzi zuen gaur urtebete Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren inguruan. Aho batez. Ines del Rio presoaren kasuaren gainean atera zuen epaia Sala Handiak, baina mugarri bat ezarri zuen erabaki hark. Une hartan hirurogei preso zeuden doktrinarekin espetxealdia luzatuta, EPPK-ko 56 eta Langraitz bidea hartu zuten lau. Bideoa: 'Parot doktrinaren' aurkako epaiaren irakurketa (Berria TB):

[berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/1946/[/berriatb]

Del Rio 1987tik zegoen preso, 2008ko uztailean zen espetxetik ateratzekoa, baina 2017ra arte luzatu zioten zigorra. Epaia "pozez" hartu zuten abokatuek; hala ere, "beranduegi" iritsi zela uste dute. "Sententzia honek oso garbi utzi du Espainiako Estatuan zuzenbide estatua hautsi dela, giza eskubideak zanpatzen direla".

Espainiako Gobernuak ohartarazi zuen erabaki hark ez zuela ondorio kolektiborik izango, eta eskaerak banan-banan aztertuko zituela ziurtatu zuen. Lehen orduetan, kartzelatik ateratzeko 36 eskaera jaso zituen Auzitegi Nazionalak. Orduan, Gorenak irizpideak jarri arte erabakirik ez hartzeko proposatu zuen Fernando Grande Marlaskak, baina irizpide horiei itxaron gabe erabakitzen hasi zen Auzitegi Nazionala.

2012ko azaroaren 8an, esaterako, mahai gainean zituen 11 kasuetatik bederatziren inguruko erabakia hartu zuen; tartean zen Antton Troitiñorena. Joan den astean, hain justu, Troitiño ez estraditatzea erabaki zuen Erresuma Batuko Justiziak. 24 preso egon ondoren, 2011n geratu zen aske. Atera eta bost egunera, ordea, Parot doktrina ezarri eta zigorra 2017ra arte luzatu zioten. 2012ko ekainean atxilotu zuten, Londresen euroagindua beteta. Azaro bukaeran beste hamalau preso utzi zituzten aske.

Auzitegi Gorenak iazko azaroan ebatzi zuenez, Parot doktrinaezarri duten epaitegiei dagokie hura indargabetzea. Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiekin alderen bat ados ez badago, aukera dago Gorenean helegitea jartzeko. Auzitegi Nazionalak, bien bitartean, irizpide berri bat adostu du, baliogabetutako doktrina "biziberritzeko". Horren arabera, gehienezko espetxealdia duten presoen kasuan, aurreneko behin betiko epaiaren artean eta bigarrena jaso artean espetxean egindako denboraren likidazioa ez da gehienezko espetxealditik kenduko, baizik eta zigor kopuru totaletik.

2012an, lehen erabakia

Duela urtebetekoa ez zen izan Estrasburgo doktrinaren aurka agertu zen lehen aldia. Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailean hartu zuen lehenengo aldiz doktrina horri buruzko erabaki bat. Del Rio "ahalik eta lasterren" aske uzteko eskaria Sala Txikiak egin zion Espainiari; hark, baina, uko egin eta helegitea aurkeztu zion erabakiari. 

Unai Parot euskal presoa izan zen 197/2006 doktrina ezarri zioten lehena; geroztik, Parot doktrina izenarekin ere ezagun  da. 2006an eman zion oniritzia Espainiako Auzitegi Gorenak Parot kartzelatik ateratzeko data atzeratzeari. Espainiako 1973ko Zigor Kodearekin zigortutako presoek gehienez 30 urte egin zitzaketen ordura arte kartzelan, legez. Muga horri Zigor Kode hark ahalbidetzen zituen espetxe onurak ezarrita, urtetan murrizten zen espetxealdia 2006ra arte.

Kronologia: 'Parot doktrina' 2006-2013 (Jon Olano):

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.