KULTURGINTZA

Ekki Euskal Kulturgileen Kidegoa egile eskubideak kudeatzeko agentzia sortu dute

Gardentasuna eta hurbileko harremana indartzea ditu helburu, eta bost elkarte dira bazkide sortzaileak: Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Musikari Euskal Herriko musikariak, Bertsozale Elkartea eta Irudika euskal irudigileen elkarte profesionala.

Bertsozale Elkartea da Euskal Kulturgileen Kidegoko bazkide sortzaileetako bat. /
Bertsozale Elkartea da Euskal Kulturgileen Kidegoko bazkide sortzaileetako bat. / Jon Urbe/ARP

Igor Susaeta -

2014ko urriak 22

Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio —gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu du ebazpena—, eta Igor Estankona agentziaren idazkariaren esanetan, funtzio bakarra dauka Ekkik: "Egile eskubideak bere esku uzten dituzten sortzaileen eta eskubideen titularren obra kudeatzea".

Euskal Herrian Ekkiren gisako beste agentzia batzuk ere ari dira —SGAE, Cedro, Egeda, DAMA...—, eta, Estankonaren ustez, Ekki ez da haiengandik ezertan bereizten. "Dena den, gureak baditu berezitasun batzuk, izakeratik datozenak. Euskal sektore kulturaleko sortzaile diferenteak batzen dituenez, eskubide guztiak kudeatuko dituen lehiatila bakarra izango da gurea. Gure sektore kulturalaren tamainagatik, guretzat praktikoagoa da sortzaile guztiak agentzia berean biltzea, eta ez ibiltzea, orain arte moduan, hainbat ordainketa egiten dela SGAE, DAMA edo Egedari, adibidez".

Iruditzen zaio sorrera heldu dela behar zuen momentuan; "eta euskal sektore kulturalean eskaera bat zegoelako, gainera". 2011n hasi ziren proiektua mamitzen; hain zuzen ere, "Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJren diputatuak egile eskubideen agentziak baimentzeko eskumena Gasteiza ekartzea lortu zuenean". Egin dituzte inkestak, bildu diren jendearekin. "Gu geu ere sortzaileak gara —idazlea da Estankona—, eta konturatu gara badagoela ilusioa, ikusteko ea beste beste modu batean kudeatu daitezkeen eskubideak, ea hemendik kudeatu daitezkeen, eta egiten dugun gure kulturaren neurriko agentzia bat, gure kultura zerbitzatuko duena".

Oraindik ez dute zehaztu, baina laster egingo du Ekkik lehen batzar orokorra. Formalki, baditu lehendakaria, lehendakariordea eta diruzaina, "baina sortzaile talde bat gara, eta hala nahi genuke geure burua aurkeztu".

Estankonak pentsatzen du agentziak bere profila definitzeke duela, baina konfiantzazko erakunde baten aldeko apustua egin dute: "Jendeak erakunde hurbilak, aurpegia eta begiak dituztenak, nahi dituelako. Zentzu horretan, hemengoa izateak eta bost elkarte horiek atzean edukitzeak, emango dio jende askori behar den konfiantza hori gai hain teknikoen ardura guri emateko".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna