KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Biharamunera arte, tutik ere ez

Bozak alboratu, eta A-9an jarriko dute arreta Masek eta Junquerasek, "arrakastatsua" izan dadin.

Joana Ortega, hautetsontzi batekin, azaroaren 9ko galdeketaren xehetasunak ematen.
Joana Ortega, hautetsontzi batekin, azaroaren 9ko galdeketaren xehetasunak ematen. Alejandro Garcia / EFE

Oihan Vitoria -

2014ko urriak 22

Azaroaren 9ko galdeketa "arrakastatsua" izan dadin, akordio batera heldu dira Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentea eta Oriol Junqueras ERCko burua. 16:30ean batzartu dira, eta 18:00 aldera bukatu; irteeran, Junquerasek azaldu du ERCk kontsulta babestuko duela, baina Masi ohartarazi dio ezinbestekoa dela ERCrentzat gobernuak azaroaren 9aren ostean "lehenbailehen" hauteskundeetara deitzea.

Bestalde, Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordeak azaldu du zertan den azaroaren 9ko galdeketaren antolaketa. Azaldu duenez, guztira botoa emateko 6.430 leku prestatuko ditu gobernuak, eta 30.231 dira parte hartuko duten boluntarioak; Kataluniako Gobernuak eskatutakoak baino 10.231 gehiago. Horietatik 6.210 langile publikoak dira, eta datorren astelehenean itxiko dute boluntario gisa aurkezteko epea. Bartzelonan, 89 lokal eta 1.700 parte hartze puntu izango dira.

Ortegak nabarmendu du herritarren %99,9k ez dutela euren herritik kanpo bozkatu beharko, eta gaineratu du boluntario kopuruak aditzera ematen duela herritarrek bozkatu nahi dutela: "Horrek ahalbidetu du hasierako diseinua anbizio handiagokoa izatea". Udalen elkarlana ere txalotu du Ortegak, horiek utziko baitituzte lokalen erdiak baino gehiago.

Galdeketa egiteko aurrekontua hasieran deitutakoa baino apalagoa izango da, eta 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriek botoa emateko leku bakarra izango dute.

Atzerrian ere

Kataluniatik kanpo, hamalau bozkaleku prestatuko ditu Kataluniako Gobernuak: Berlin, Londres, Brusela, New York, San Jose, Hong Kong, Tokio, Kopenhage, Mexiko Hiria, Bogota, Milan, Sidney, Buenos Aires eta Montrealen. Nazioarteko begiraleak izateko eskariak jasotzen ari direla jakinarazi du Ortegak, eta gaineratu horretarako "baldintzak" jartzen ari direla. Bestalde, hauteskunde egun baten "antzeko" polizia kopurua izango da kalean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna