katalunia

Inputatu egin dute Pujolen seme gazteena, iruzurra eta kapitala zuritzea leporatuta

Oleguer Pujol eta haren bazkidearen etxebizitzak miatu dituzte poliziek. Atxikita eduki eta gero, libre utzi dituzte; deklaratzeari uko egin dio.

Oleguer Pujolen etxea miatu du Espainiako Poliziak. /
Oleguer Pujolen etxea miatu du Espainiako Poliziak. / TONI GARRIGA/EFE

Oihan Vitoria -

2014ko urriak 23

Oleguer Pujol eta Luis Iglesias haren bazkidea atxilotuta eduki dituzte goizean, Bartzelonako eta Madrilgo haien etxeak miatzen zituzten bitartean. Pujolen etxean, dokumentazioarekin batera, eskudirua bilatzen aritu dira. Ondoren libre utzi dituzte, inputatu gisa.

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak jakinarazi duenez, orotara zazpi miaketa izan dira —Valentzian eta Melillan ere egin dituzte—. Dokumentazioa eta informatika artxiboak bildu dituzte. Operazioak, ordea, zabalik jarraitzen du.

Santiago Pedraz epailearen aginduz egin dituzte miaketak. Fiskaltzak duela gutxi aurkeztu zion Generalitateko presidente ohiaren semearen aurkako salaketa; dirua zuritzea eta Ogasunaren aurkako delituak egitea leporatzen dio. Cristobal Martell Pujol familiaren abokatua miaketan izan da; hura eramaten ari da, era berean, Jordi Pujolek ezkutuan izandako ondarearen gaineko auzia.

Delitu horiek leporatuta, atzo 11 lagun inputatu zituen Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak, eta haien kontuak blokeatzea eskatu zuen —horietako zazpi enpresariak dira—. Azaroaren 12an deklaratu beharko dute.
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna