kutxabank

Kutxa ere banku fundazio bilakatu da

Patronatuak 11 kide izango ditu, haien artean Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak hautatu ez dituzten ordezkariak.

Pribatizazioaren aurkako elkarretaratzea

Jon Fernandez -

2014ko urriak 25

Gaur amaitu du bere ibilbidea Gipuzkoa Donostia Aurrezki Kutxak. Batzarkideek onartu egin dute  orain arte aurrezki kutxa zena banku fundazio bilakatzea, joan den ekainean BBK-k eta Vitalek egin bezala. Erabaki hori bertan behera utz zezakeen Gipuzkoako Aldundiaren proposamena ez bozkatzea erabaki du erakundeko zuzendaritzak. Horregatik batzar aretotik atera dira EH Bilduko ordezkari guztiak. Gainontzeko 39ek onartu egin dute Kutxa banku fundazio bihurtzea. Batzarkide horiek beraiek ontzat hartu dituzte fundazio berriaren estatutuak, eta haren osaketarako 30.000 euro jartzea. Fundazioaren ondarea 1.600 milioi eurokoa izango da.

Fundazio horrek 11 kide izango ditu. Haien artean daude EAJk proposatutako lau (haien artean Xabier Iturbe Kutxako lehendakaria), PSEk hautatutako hiru, PPk jarritako bat eta, langileen ordezkari bat. Gipuzkoako Aldundiari eta Donostiako Udalari lekua gorde diete patronatuan, Kutxaren bi erakunde sortzaileak direlako. Alta, bi erakunde horiek —Bilduren esku— ez dituzte beren ordezkariak aukeratu. Martin Garitanok, batzarrean sartzean, esan du ez dituztela izendatuko. Bilduk ez ditu aukeratu EAJk, PSEk eta PPk eskainitako lau kideak. Aurrerantzean patronatuko kideek soilik erabaki ahal izango dute patronatua zabaltzea. Legeak dio gehienez hamabost kide izan ditzakeela.

Protestak kalean

Andia kaleko aretoaren kanpoan ere jokatu da aurrezki kutxaren azken eguna. Kutxabanken Pribatizazioaren Aurkako Plataformak deituta, kanpaldia egin dute goizetik. Kutxabank lapurrak, Alibabaren zuloa eta Iturbe dimisioa leloak atera dituzte kalera. Eguerdian egindako agerraldian, mobilizatzera deitu dituzte "PP, PSE, EAJ eta CCOOko oinarri sozialak". "Denok gara herria, denok ditugu hipotekak, denoi eragiten digu Kutxak", gaineratu dute. Ohartarazi dute gaur arratsaldean "gure Kutxaren, gure ondasunen eta gure aurrezkien lapurreta" egingo dutela batzar orokorrean.

Haien ustetan, alternatibak badaude; hiru aipatu dituzte: "Gipuzkoako Diputazioarena, Ekai Centerrena eta PSE-EEko gazteriarena". Kutxaren egoitzaren kanpoko kanpaldian Kutxaren kaltetuak daude, besteak beste: etxegabetzeko arriskuan daudenak, IRPH indizearen kaltetuak, abalistak eta funts putreei saldu dizkieten maileguen zordunak. "Herritarren zerbitzurako Kutxa bat nahi dugu, soziala eta publikoa, aurreztaileen eta enpresa txikien interesen zerbitzura dagoena", azaldu dute.

Kutxako batzarkideak egoitzara sartzerakoan, kazerolada egin dute. "Pribatizatu egingo dute, herritarrok geldiarazten ez baditugu", nabarmendu dute.

Testigantzak

Beste hainbat herritar bezala Kutxako egoitzaren aurrera joatea erabaki du gaur 36 urteko Lorena Benitezek. "Kutxaren pribatizazioaren kontra egiteko gaude hemen, bakoitza bere arrazoiengatik". Berak baditu bereak. "Etxegabetze baten zain nago. Datorren urteko maiatzera arteko luzamendua daukat. IRPHren klausula abusiboagatik izandako lehen epaiketa irabazi genuen, baina Kutxak errekurtsoa jarri zuen. Probintzia Auzitegian berriz irabazi genuen, baina zain gaude ea berriro errekurtsoa jarriko ote duen". Lanaldi erdian dago lanean, eta langabe dagoen senarrarekin eta alabarekin bizi da etxean. 2.900 euroko zorra du Kutxarekin, eta ohiko etxe hori gal dezaken beldur dago. "Kutxa pribatizatuta egoerak okerra egingo du", bere ustez. 

Palmira Gimenez ere pankartaren atzean jarrita dago gaur. Bere alabari mailegu bat bermatu zion, eta Kutxabankek funts putreei saldu zien mailegua. Orain funts putreak zorrak ordaintzeko eskatu dizkio, eta bermetzat etxea jarri zuenez etxea gal dezake. "Ez dakit oso ondo ere zer de  funts putrea, baina beldur naiz nire etxea subastatu nahi dutelako. Etxean %57ko urritasuna duen semea eta ni bizi gara".

Miguel Igoa ere Kutxa gaur hartzekoa den erabakiaren kontra protesta egitera joan da egoitza aurrera. Bere garaian semearen hipotekarako bermea jarri zuen. "Zeinek ez dio bermerik eman seme-alabaren bati?", dio. Hilabete batean semeak ezin izan zuen ordaindu, eta Miguelek Kutxaren gutun bat jaso zuen etxean duela bi hilabete. "Eskutiz bat baino gehiago, mehatxu bat zen. Esan ziguten hamar egunean ez bagenuen ordaintzen zor zena berankorren zerrendan sartuko gaituztela, epaiketara eramango gaituztela. Hori dena hilabete bat ez pagatzeagatik". Zor zen diru hori ordaindu dute, baina Kutxarekin minduta, beldurtuta eta haserretuta dago Igoa. "Beti pentsatu izan dugu Kutxa gizartea lagunzteko zela, baina ikusten dugu bankuak baino askoz gogorrago dabiltzala". Nabarmendu du "zorionez" euren etxea ez dagoela etxegabetze prozesuan, baina beldur horregatik erabaki du protesta egitea.

Eztabaidarik ez

Banku fundazio bihurtu beharrean, Kutxa fundazio arrunt bat bilakatzeko eskatu zuen diputazioak, horrela errazago bermatuko litzatekeelako Kutxaren gaineko kontrol soziopolitikoa, eta hark Kutxabanken dituen akzioak esku pribatuetan ez erortzea.

EH Bilduk gogor salatu du Gipuzkoako Aldundiaren proposamena ez eztabaidatzeko erabakia. "Agerian utzi dute ez dutela eztabaidarako borondaterik […] aurretik BBKn eta Vitalen gertatu bezala, azken urteetako lapurretarik handiena egin nahi dutelako Gipuzkoako herritarren eta instituzioen kontura", ziurtatu zuten atzo Ainhoa Beola eta Joseba Permach koalizioko kontseilariek.

"Duela 150 urte, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrezki kutxak sortu ziren, eta bihar [gaur] EAJk, PPk, PSEk, CCOOk eta Pixkanakak ondare hori guztia, 1.500 milioi eurokoa, bederatzi pertsonaren esku utzi behar dute [patronatu berriko kideak]". "Eskandalu itzelaren" aurkako mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten Beolak eta Permachek. Batek zein besteak hitza hartu dute batzarrean, eta gogor salatu dute alternatibak ez eztabaidatzea. Une batean, Beolak hitz egin behar zuenean, argindarra moztu dietela ere kritikatu dute.  Bozketa izan aurretik alde egin dute batzar aretotik, EH Bilduk izendatutako beste batzarkideek bezala. Kalean Beolak azaldu duenez, "akzioen salmenta dagoeneko martxan dago".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna