Hauteskundeak Ukrainan

Aginte aldaketa, egonkortuta

Jatseniuk lehen ministroaren eta Poroxenko presidentearen blokeek gehiengoa izanen dute Ukrainako Parlamentuan, eta traba handirik gabe eutsi ahalko diote Mendebalderanzko bideari

Gizonezko bat botoa ematen Podgortsin, Kievetik 35 bat kilometrora.
Gizonezko bat botoa ematen Podgortsin, Kievetik 35 bat kilometrora. Tatyana Zenkovich / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 27

Ukrainako Hauteskunde Batzordeak zabaldutako datuen arabera, Arseni Jatseniuken Fronte Popularrak %21,67 boto jaso ditu, eta %0,4ren aldea du Petro Poroxenko Ukrainako presidentearen alderdiarekiko. Andri Sadovi Lviveko alkatearen Autolaguntza alderdiak botoen %10,56 bildu ditu.

Viktor Janukovitx presidente ohiaren Eskualdeen Alderditik sortutako Oposizioko Blokeak, berriz, botoen %9,62 lortu ditu. Hori horrela, alderdi europarzaleak indartuta atera dira hauteskundeetatik.

Legebiltzarreko 450 ordezkari hautatu dituzte. Erdiak herrialde osorako zerrenda batetik. Besteak barrutietako ordezkariak izango dira. Alderdiek gutxienez botoen %5 eskuratu beharko dituzte ordezkaritza lortzeko. Muga hori ozta-ozta gainditu du Julia Timoxenko lehen ministro ohiaren Batkivstxina alderdiak (%5,87), eta parlamentutik kanpo geratu dira, besteak beste, Alderdi Komunista (%3,91) eta Eskuineko Sektore ultraeskuindarra (%1,79).

Parlamentuko 30 bat eserleku hutsik geratuko dira, Krimean eta ekialdeko matxinoen kontrolpeko eremuetan ezingo baitute bozkatu. EFE agentziak jakinarazi duenez, bozetara deitutako 5 milioi ukrainarren erdiek baino gehiagok ez dute bozkatu, ekialdeko matxinoek deitutako boikotaren ondorioz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna