HAUTESKUNDEAK URUGUAIN

Eskuinari bidea ixteko, ukabila estu jarri behar

Frente Amplioko Vazquezek lortu du boto gehien Uruguaiko presidentetzarako hauteskundeetan. Lacalle izango du aurrez aurre bigarren itzulian.

Tabare Vazquez, lehen itzulian lortutako garaipena ospatzen.
Tabare Vazquez, lehen itzulian lortutako garaipena ospatzen. Ivan Franco / EFE

Oihan Vitoria -

2014ko urriak 27

Botoen %18,1 —394.077— zenbatuta, Fronte Zabaleko hautagai Tabare Vazquezek 162.086 eskuratu ditu; Alderdi Nazionaleko Luis Alberto Lacalle Pouk, berriz, 139.449. Bi hautagai horiek igaroko dira bigarren itzulira, Pedro Bordaberry Colorado alderdiko hautagaiak 57.398 boto jaso baititu.

Azaroaren 30ean egingo dute bigarren itzulia, eta orduan erabakiko dute presidentetzan nork ordezkatuko duen Jose Mujica. Uruguaiko Konstituzioaren arabera, presidente batek ezin ditu bi legegintzaldi jarraian egin; hortaz, Mujicak heldu den martxoan utziko du boterea.

Parlamenturako hauteskundeak ere egin dituzte, eta, emaitzen arabera, Fronte Zabalak gehiengoa galdu du Ordezkarien Ganberan eta Senatuan. Eguerdian jakinaraziko dituzte behin betiko emaitzak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna