Udalbiltza

Udalbiltza diruz lagundu duten udalen aurkako helegiteak jarri ditu Urkijok

Hemezortzi udalek jasoa dute Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren helegitea, eta biltzarrak salatu du litekeena dela "beste askok jasotzea". "Udalbiltza arlo ekonomikoan ito nahian dabil".

Euskal Garapen ea Kohesio Fondoa izan da Udalbiltza Patzuergoaren lanabes nagusia. Irudia, fondoaren aurkezpea, 2006ko ekainean.
Euskal Garapen ea Kohesio Fondoa izan da Udalbiltza Patzuergoaren lanabes nagusia. Irudia, fondoaren aurkezpea, 2006ko ekainean. Marisol Ramirez / Argazki Press

Berria -

2014ko urriak 28

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok helegitea aurkeztu du Udalbiltza partzuergoari diru ekarpenak egin dizkioten hemezortzi udalen aurka. Udalbiltzak jakinarazi duenez, gainera, baliteke “beste askok ere jasotzea” errekerimendua. Urkijok hiru motako administrazio egintzen aurka aurkeztu ditu errekurtsoak: Udalbiltzako partzuergoko kideen kuotaren ordainketa, partzuergoa eta hainbat udalen arteko lankidetza, eta udal aurrekontua berari buruzkoak, horrek partzuergoarentzako diru sailik jasotzen badu.

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak adierazi duenez, Udalbiltza partzuergoaren aurrekontuak eta egintza administratiboak publikoak dira, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira.

Urkijoren helegiteetatik eratorritako lehen epaiketa azaroaren 11n egingo da, Irurako (Gipuzkoa) udal akordio baten aurka. Kideen kuoten ordainketari eta partzuergoaren eta udalen arteko lankidetza hitzarmenei dagozkien helegiteak EAEko hiru hiriburuetako administrazio auzitegietan ebatziko dira. Udalen aurrekontuei dagozkienak, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazio auzietarako salan.

Euskal Herriko 38 udalek osatzen dute Udalbiltza partzuergoa. 2001ean sortu zen, Udalbiltza Euskal Herriko hautetsien biltzar gisa eratu eta gero, eta 2012an berrosatu zen. Eskualdeen arteko desorekak gainditzea eta kohesioan urratsak egitea da partzuergoaren helburu nagusia, eta horretarako Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa izan du lanabes nagusi. Funts horren bitartez Udalbiltza partzuergoak hainbat programa jarri ditu martxan azken urteetan.

Udalbiltzak jakinarazi duenez, kide diren 38 udalen kuotak eta udal batzuekin sinatutako lankidetza hitzarmenak dira partzuergoaren diru iturri bakarrak. Horregatik, bere jarrerarekin Urkijok partzuergoa “arlo ekonomikoan ito eta haren jarduna eten” nahi duela salatu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna