SANFERMINETAKO TXUPINAZOA
Bost hilabeteko zigorra iazko txupinazoan ikurrina jartzeagatik
Mikel Valdivieso, Iker Garzia, Natxo Barriuso eta Iñigo Ramaio dira zigortutakoak. Josu Gracia absollbitu egin dute, ekintza grabatu zuelako soilik. Helegitea aurkeztuko dutela esan dute zigortuek.

Iruñeko 1. Zigor Auzitegiak bosna hilabeteko espetxe zigorra ezarri die iazko sanferminetako txupinazoan ikurrin handi bat zintzilikatu zuten lau lagunei. Ordena publikoaren kontrako delitua egitea egotzi die epaileak, eta fiskalak eskatutako zigorra ezarri die. Iruñeko Udalaren izenean, akusazio partikularrak bi urteko espetxe zigorra eta jai ekitaldietara joateko debekua eskatu zuen.
5 hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu dituzte arrantzale bizardunak 2013ko San Ferminetan ikurriña jartzeagatik. pic.twitter.com/T1mnsE6j2w
— Asier Aspuru (@AsierAspuru) October 28, 2014
Horrez gain, epaileak debekatu egin die bi urtez "jende kopuru handiak" dauden leku edo ekitaldietara joatea. Gainera, larrigarritzat jo du ekintza mozorrotuta egin izana.
2013ko uztailaren 6an, sanferminetako txupinazoan, ikurrina zabaltzeagatik epaitu dituzte bost iruindarrak. Urriaren 8an ekin zioten ahozko epaiketari, eta lehen saioan onartu zuten auzipetuek ikurrina jarri izana.
Maria Aleman Ezkarai epaileak arrazoitzen du auziperatuek ez zutela bandera "ohiko bidetatik" sartu plazan eta "askoz modu larriagoan" egin zutela deritzo, "udal ordenantzak aurreikusten duen moduetatik at". Hartara, epaileak azaltzen du ezin zaiela zigortu administrazio arloko isun batekin.
Era berean, auzi saioan auziperatuek arrazoitu zuten eskalatzaileak direla, lan bertikaletan jarduten dutela eta ikurrina jartzea arriskua ondo neurtu zutela. Epailearen arabera, profesionaltasun hori ez zuten "behar bezala egiaztatu", eta eurenaz gain, udaltzain baten lekukotza dago. Haren arabera, instalazioa "nahiko segurua" zen.
Hartara, epaileak garrantzia eman dio alkateak suziria 18 minutuz atzeratzeko erabakiari. Auzi saioan, Tedax-eko bi polizik lekukotza eman zuten. Euren arabera, Iruñeko txupinazoan erabilitako materiala Santa Barbara motakoa da. Perituen arabera, material hori ez da zehaztasun handikoa, eta "nahikoa da milimetro bat edo 2 milimetro norabidea aldatzeko". Polizien esanetan, ikurrina jarrita suziria botatzea "arinkeria" litzateke.
Ondorio horiek oinarri hartuta, epaileak ebazten du ikurrina jartzea orden publikoa nahasi zuela eta larria izan zela "plazan zegoen masifikazioaren ondorioztxupinazoaren atzerapen denboragatik". Epailearen ustez, alkatearen erabakia "objektiboki" zuzena izan zen, eta segurtasun arrazoiei erantzun zien."Epaile hau ez da sartuko batzuek eta besteek eman dituzten iritzi politikoen inguruan".
Desordena eragitearen motibazio subjektiboa ere neurtu nahi izan du epaileak. Auzi saioan Ramallok onartu zuen interneten begiratu zutela eta su-etxeekin ere hitz egin zutela. Epaileak, ebazpenean Gara egunkariari eskainitako elkarrizketa bat ere aipatzen du. Bertan, bizardunetako batek esan zuen aldez aurretik zaila zela kalkulatzea zer gertatuko zen edo gaizki atera ote zitekeen.
Epaileak, Gorenaren doktrina gogorarazten du. Haren arabera, ideia bat askatasunez aldarrikatzeko helburu zilegiak ez du eragozten delitu bat egin izana. Epailearen irudiko, badira beste modu batzuk aldarrikapen hori egiteko.
Gainera, mozorroa erabili izana larrigarria dela deritzo. Epailearen arabera, bizarren eta betaurrekoen erabilera eraginkorra izan zen egileen nortasuna ezkutatzeko balio izan zuelako. "Agerian geratzen da identifikazioa eragozteko helburua zutela".
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.