Euskadi sariak

Harkaitz Canok irabazi du Euskadi saria haur eta gazte literaturan

Saiakeran, Joseba Gabilondo izan da saritua ('New York-Martutene'), eta ilustrazioan, Maite Gurrutxaga ('Habiak').

Joxean Muñoz, Maite Gurrutxaga eta Jon Juaristi.
Joxean Muñoz, Maite Gurrutxaga eta Jon Juaristi. Jon Urbe / Argazki Press

Gorka Erostarbe -

2014ko urriak 29

Harkaitz Cano idazleak eskuratu du Euskadi literatur saria, haur eta gazte literaturaren atalean. Orkestra lurtarra liburuarekin lortu du saria Lasarte-Oriako idazleak. Saiakeran, Joseba Gabilondok lortu du saria, New York-Martutene lanagatik. Ilustrazioan, Habiak lanak Maite Gurrutxagari eman dio Euskadi saria.

Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik argitaratu zuen Joseba Gabilondo irakasle eta literatur kritikariak New York-Martutene. Euskal Postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz liburua. Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria (2012) xehe-xehe aztertzen du, eta azterketa horretatik abiatuta oraingo Euskal Herria behatzeko klabe berriak ematen ditu. Gabilondoren ustetan, Martutene da euskal literaturako eleberri gailena, garrantzitsuena eta kalitatezkoena, eta euskal kanonaren ardatz bihurtzera deitua. "Eleberri horrek lehena eta geroa berrikusteko perspektiba berria ematen digu: euskal XX. mende luzea (1898-2012) abertzaletasunak definitua (Arana, ETA) eta globalizazio neoliberalaren krisiak (2008) amaitua. Saizarbitoriak mende horretan 'galtzailearen kultura euskaldunak' izan duen zentraltasuna esplikatzen digu. Bertatik abiaturik, XXI. mende hasi berria ulertzeko, bizitzen hasteko, utopia postnazional bat ere ematen digu Saizarbitoriak, era ezkorrean bada ere, XX. mende joanean ainguratutako euskal burgesia dekadente baten erradiografiaren bidez".

Joseba Gabilondo (Urretxu, 1963) euskal idazle, irakasle eta literatura kritikaria da, nabarmena euskal literaturaren historian egindako ikerketengatik. Egun, Michigan estatuko (AEB) unibertsitatean irakaslea da. Besteak beste, honako lan hauek idatzi ditu: Kaliforniatik bihotzez (1992), Nazioaren hondarrak: Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak (2006) eta Apokalipsia guztoi erakutsia (2009).

Canoren hirugarren Euskadi saria

Harkaitz Canok (Lasarte, 1975) Elkar argitaletxearekin kaleratu zuen Orkestra lurtarra liburua, haur eta gazteei zuzendua. Aurrez Berria-ko 'Mantangorri' gehigarrian argitaratu zuen atalka. Jokin Mitxelena da liburuaren ilustratzailea, eta Manuren istorioa kontatzen du, zeinak orkestra bat sortu nahi duen. Lagunen bila abiatuko da, eta horrela topatuko ditu Lurrinetti anaiak, bi 't'-rekin, tronpeta jotzeaz gain Presidente izeneko ahuntz bat dutenak, eskailera gainera igotzen dena; Aldika izeneko biolin-jotzaile bat, aldika besapeetan azkura izaten duena; Osoki deritzan triangelu-jolea, bere tresna gainean pausatzen den kardantxilo eta guzti; Crocanti izozki-saltzaile eta kontra-tenorea…

Canok, horrenbestez, hirugarren aldiz eskuratu du Euskadi literatur saria. 2005ean, Belarraren ahoa lanarekin eskuratu zuen, eta 2012an, Twist nobelarakin.

Maite Gurrutxagak estreinakoz irabazi du Euskadi saria, ilustrazioaren atalean. Habiak lana Dejabu Panpin Laborategiarekin batera ondu zuen, eta iaz argitaratu Txalapartarekin. AHTko trenbidea eraikitzeko etxea kendu dioten Simon baserritarraren eta Balkanetako gerretatik ihesi Euskal Herrian bizitokia hartu duen Selma errefuxiatu bosniarraren arteko istorioa kontatzen du Habiak-ek.

Gaztelerazko saiakeraren atalean, Jon Juaristik irabazi du Euskadi saria, Espaciosa y triste lanarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna