Kurdistan

Kurduen laguntza ailegatu da

Siriako FSA matxino taldeen brigada bat Kobane hirian sartu da. Pexmergak zain daude mugan.

Siriaren menpeko Kobane hiri kurdoan borrokak YPG Herriaren Babeserako Unitateen eta IS Estatu Islamikoaren artean. /
Siriaren menpeko Kobane hiri kurdoan borrokak YPG Herriaren Babeserako Unitateen eta IS Estatu Islamikoaren artean. / ERDEM SAHIN/EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 29

Kobane hiria EI Estatu Islamikoaren setiotik defendatzen duten YPG Herriaren Babeserako Unitateek jaso dute Turkiaren baimenarekin ailegatutako lehenbiziko laguntza. Yusuf al-Azmah Brigadako Bassem Haji Mustafa komandanteak Espainiako Efe agentziari adierazi dio lehenbiziko militanteek goizean igaro dutela muga, eta denera 1.300 pasatuko direla. Firat agentziaren arabera, bart arratsetik zain zeuden mugan, armatutako zortzi ibilgailurekin.

Yusuf al-Azmah Brigada kurduek osatzen dute nagusiki, baina ez du bat egin Kurdistango burujabetzaren aldeko mugimenduarekin. PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiarekin (Siriako kurduen indar nagusiarekin) harreman onik ere ez du izan. FSA Siriako Armada Askearekin lerratuta dago, Siriako Gobernuaren aurkako borrokan. PYDek "Turkiaren agenda" jarraitzea ere leporatu izan dio Yusuf al-Azmah Brigadari.

Bertze 85 pexmerga daude muga gurutzatzeko zain. Bi taldetan banatuta egin dute bidaia; gainerako 65ek lurretik bidaiatu dute Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomotik Kobaneko mugara, eta guztiak bat egiteko zain daude, hirian sartzeko.

EIren setioak 45 egun bete ditu. YPGek orain arte jaso duten laguntza bakarra izan da Turkiaren blokeoa gaindituta muga gurutzatzea lortu duten iparraldeko boluntarioena eta AEBek zuzendutako koalizioaren aire erasoena. Pexmergek arma astunak ekarri dituzte, eta horrekin setioa hautsi dezaketela uste dute YPGek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna