Kurdistan
Kurduen laguntza ailegatu da
Siriako FSA matxino taldeen brigada bat Kobane hirian sartu da. Pexmergak zain daude mugan.

Kobane hiria EI Estatu Islamikoaren setiotik defendatzen duten YPG Herriaren Babeserako Unitateek jaso dute Turkiaren baimenarekin ailegatutako lehenbiziko laguntza. Yusuf al-Azmah Brigadako Bassem Haji Mustafa komandanteak Espainiako Efe agentziari adierazi dio lehenbiziko militanteek goizean igaro dutela muga, eta denera 1.300 pasatuko direla. Firat agentziaren arabera, bart arratsetik zain zeuden mugan, armatutako zortzi ibilgailurekin.
Yusuf al-Azmah Brigada kurduek osatzen dute nagusiki, baina ez du bat egin Kurdistango burujabetzaren aldeko mugimenduarekin. PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiarekin (Siriako kurduen indar nagusiarekin) harreman onik ere ez du izan. FSA Siriako Armada Askearekin lerratuta dago, Siriako Gobernuaren aurkako borrokan. PYDek "Turkiaren agenda" jarraitzea ere leporatu izan dio Yusuf al-Azmah Brigadari.
Bertze 85 pexmerga daude muga gurutzatzeko zain. Bi taldetan banatuta egin dute bidaia; gainerako 65ek lurretik bidaiatu dute Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomotik Kobaneko mugara, eta guztiak bat egiteko zain daude, hirian sartzeko.
EIren setioak 45 egun bete ditu. YPGek orain arte jaso duten laguntza bakarra izan da Turkiaren blokeoa gaindituta muga gurutzatzea lortu duten iparraldeko boluntarioena eta AEBek zuzendutako koalizioaren aire erasoena. Pexmergek arma astunak ekarri dituzte, eta horrekin setioa hautsi dezaketela uste dute YPGek.