Palestina

Suediak Palestinako estatua onartu du

Europako Batasuneko kide izanda Palestina onartu duen lehen estatua izan da. PANek erabakia txalotu du, eta beste estatuei egin die Suediako ereduari jarraitzeko deia.

Margot Wallstrom Suediako Kanpo Harremanetarako ministroa, erabakiaren berri emateko egindako agerraldian.
Margot Wallstrom Suediako Kanpo Harremanetarako ministroa, erabakiaren berri emateko egindako agerraldian. ANNIKA AF KLERCKER / EFE

Berria -

2014ko urriak 30

Joan den urriaren 3an aurreratu zuen moduan, Suediak Palestinako estatu independentea onartu du. Margot Wallstrom Kanpo Harremanetarako ministroak azaldu ditu erabakiaren xehetasunak, gobernuak egindako bilera baten ostean. Wallstromen ustez, Palestinako estatua onartzeko erabakia "arduratsua" da. Azaldu duenez, neurri hori hartzeko arrazoi nagusia Palestinak estatu izateko nazioarteko zuzenbidearen irizpideak betetzen dituela da.

Zehaztu duenez, Palestinak "lurralde bat, populazio bat eta gobernu bat dauka". Wallstromen ustez, Palestinako gatazka "egoera kritikoan" dago, eta alde horretatik nabarmendu du Suediako Gobernuak hartutako erabakiaren beharra: "Oraindik bi estatuen erabakian sinisten dugula adierazteko mezua zabaltzeko erantzukizuna dugu. Itxaropena eman nahi diegu gazteei, mundu baketsu bat posible dela erakutsi".

Stefan Lofven Suediako lehen ministroak iragarri zuen aitorpena, urriaren 3an: "Bi estatuen irtenbideak elkar onartzea eskatzen du, eta elkarbizitza baketsurako borondatea. Horregatik, Suediak Palestinako Estatua onartuko du". Europako Batasuneko kide izanda Palestina onartuko duen lehena izan da Suedia. Hungariak, Poloniak eta Eslovakiak ere onartzen dute, baina adierazpena egitean ez zeuden EBn. 

Palestinako Aginte Nazionalak Suediaren erabakia txalotu du, eta beste estatuei egin die ereduari jarraitzeko deia. Abed Rabbo Mahmud Abbas presidentearen aholkulariaren hitzetan, Palestinako estatua onartzea da "eskualdean bakea ziurtatzeko modu bakarra". Gaineratu duenez, "munduak urrats ausartak egin eta Palestina onartzen ez badu, Israelgo eskuin muturreko koalizioak Palestinako estatuaren aukera urratzen jarraituko du". Saeb Erekat Palestina Askatzeko Erakundeko buruzagiak, berriz, Suediako erabakiaren egokitasuna azpimarratu du: "Bi estatuen aukera salbatzeko lehen urratsa, hain zuzen ere, bi estatuak onartzea da, eta ez bakarra". Bide beretik, Suediako jarrera "norabide egokian egindako urratsa" dela uste du, Palestinaren "autodeterminaziorako eskubidea berresten duena".

Suediako erabakiak bidea ireki dezake Europako Batasuneko beste hainbat estatuk ere Palestina onar dezaten. Urri hasieran, Erresuma Batuko parlamentuak gehiengo osoz onartu zuen adierazpen bat, David Cameronen gobernuari Palestinako estatua onar dezala eskatzeko. Era berean, Irlandan eta Espainiako zein Frantziako estatuetan, besteak beste, antzeko proposamenak eztabaidatzen ari dira. Erekaten iritziz, horrek erakusten du "Europa nazioarteko legedia errespetatzeko, palestinarren eskubideak babesteko eta bi estatuen konponbideari eusteko" pausoak ematen ari dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna