KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Auzitara jotzea aztertzen ari da Mas, Madrilen "gehiegikeria" salatzeko

Espainiako Gobernuaren aurkako neurriak prestatzen hasi da, hark Auzitegi Konstituzionalera jo ostean.

Artur Mas, arratsaldean egindako agerraldian. /
Artur Mas, arratsaldean egindako agerraldian. / Toni Albir/EFE

Oihan Vitoria -

2014ko urriak 31

Historia errepikatu da. Eta ez zen bestela espero. Espainiako Estatu Kontseiluak aho batez gomendatu dio Mariano Rajoy buru duen gobernuari azaroaren 9ko galdeketa alternatiboaren aurka egiteko, eta, horren ondotik, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera jotzea onartu du ministro kontseiluan.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordearen arabera, azaroaren 9rako deialdiak "ez du tokirik" Zuzenbide Estatuan, eta, gainera, "oinarrizko berme demokratikorik gabe" egin da. Helegitearekin "herritarrenganako eta legearekiko iruzurra" saihestu nahi du gobernuak.

Konstituzionalak bi txosten izango ditu mahai gainean Kataluniaren geroarekin loturik. Generalitateko presidente Artur Masek dekretu bidez deitutako galdeketarekin egin bezala, epaitegiak tramiterako onetsi, eta aldi baterako bertan behera laga ala ez erabaki beharko du gerora.

Masen deia herritarrei

Artur Masek arratsaldean egin du helegitearen gaineko balorazioa. Gogoratu du urriaren 14an jakinarazi zutela azaroaren 9rako egindako lehenengo deialdiaren ordez "parte hartze prozesu bat" egingo zutela, Kataluniak dituen eskumenetan babestuz. Ordutik Mariano Rajoyren gobernuak izandako jarrera kritikatu du: "Galdeketa alternatiboa txantxatzat hartzetik helegitea jartzera igaro da hamabost egunetan".

Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztuko duela jakin eta gero, "botere gehiegikeria" egotzi dio Masek, eta gaineratu  du gobernua "modu baldarrean" erabiltzen ari dela Auzitegi Konstituzionala. "Espainiako Gobernua zurikeriaz jokatzen ari da: nor ari da ahal duen guztia egiten bermeak egon ez daitezen?". Kataluniako presidentearen iritziz, ez dago modurik Rajoyren gobernua egiten ari dena azaltzeko: "Galdetzea debekatuta dago? Inkestak debekatuko dituzte?".

Masen arabera, "demokraziaren izenean" hitz egiten dute, baina dioenez, demokraziaren oinarrietako bat herritarrak entzutea da: "Demokrazia batek ez badie herritarrei iritzia ematea onartzen, ez da kalitatezko demokrazia bat".

Berretsi du galdeketa prestatzen jarraituko dutela, eta Espainiako Gobernuaren aurkako neurriak hartzea aztertuko dutela iragarri du. "Eskumenak ditugu, eta babestu egingo ditugu". Horrekin batera, kataluniarrei azaroaren 9an parte hartzeko deia egin die, "demokraziaren lezio bat" emateko. "Alferrik galdu ezin dugun aukera bat baukagu".

Osoko bilkura asteartean

Asteartetik aurrera egingo du osoko bilkura Konstituzionalak. Artur Masek galdeketara deituz dekretua sinatu zuenean, ezohiko bilkura egin zuen auzitegiak, baina oraingoan ohiko bilkurara arte itxarongo dute epaileek auziaz ebazteko. Ezusterik ezean, bertan behera utziko dute galdeketa, eta atzeraeragina izango du gaurtik. Hori horrela, Kataluniako Gobernuak aurrerantzean galdeketa antolatzeko egiten duen urrats orok ez du baliorik izango.

Ez juridikorik, baina bestelako balioa izan dezaketen urratsak egin ditzake Generalitateak. Esaterako, bozkalekuetan boluntario lanetan arituko diren herritarrei nola jardun behar duten azaltzen hasi zaie gobernua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna