Palestina

Segurtasun neurri zorrotzen artean, zabalik da berriro Meskiten Zelaia

Meskiten Zelairako sarbidea ireki du berriro Israelek, Jerusalemen, 50 urtetik gorakoentzat mugatuta.

Musulmanentzako leku sakratua den Meskiten Zelaia itxi zuen asteazken gauean Israelek. Berriro ireki du, baina sarrera mugatuz.
Musulmanentzako leku sakratua den Meskiten Zelaia itxi zuen asteazken gauean Israelek. Berriro ireki du, baina sarrera mugatuz. Oliver Weiken / Efe

Berria -

2014ko urriak 31

AEBek eta hainbat estatu arabiarrek presioa egin ostean ireki du berriro Israelgo Poliziak Jerusalemgo (Palestina) Meskiten Zelairako sarbidea. 4.000 musulman baino gehiago sartu dira ostiraleko errezoak egitera, Poliziaren kontrolak igaro ostean; beste askok, baina, kalean egin dute otoitz, Meskiten Zelaia ixten duten hesien atzean.

Segurtasun neurri zorrotzak ezarri dituzte: 1.000 poliziaz inguratu dute meskita eta istiluen aurkako unitateak eraman dituzte. Jerusalemgo kaleak, lasai baina tentsioz beteta daude. Bart gauean bezala, gaur ere liskar txikiak izan direla jakinarazi du Israelgo Poliziak. Horien artean, polizia lerro baten aurka botatako petardoak. Gaurko Haserrearen Eguna iragarri du Al-Fatah mugimenduak, gunearen itxieraren aurka protesta egiteko.

Asteazken gauean itxi zuen Israelek islameko hirugarren leku sakratuena den eremurako sarbidea, tiroketa bat izan ostean. Palestinar batek —Muatnaz Hijazi preso ohia, hainbat hedabideren arabera— Yehuda Glick kolono ortodoxoa tirokatu zuen. Meskiten Zelaia juduentzako irekitzearen aldeko muturreko aktibista ezaguna da Glick; larri zaurituta dago. Israelgo segurtasun indarrek atzo goizaldean tirokatu eta hil zuten Hijazi, Jerusalem Ekialdean teilatuetatik ihes egin nahian zebilela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria