udalbiltza

Burujabetza energetikorako gida aurkeztu du Udalbiltzak

Nafarroa Behereko hainbat enpresaburu, hautetsi eta garapen eragileren aurrean aurkeztu du, 'Energiaren Goizak' jardunaldietan.

Udalbiltzaren Euskal Herriaren burujabetza energetikoari buruzko gidaren aurkezpena, Donazaharren (Nafarroa Beherea).
Udalbiltzaren Euskal Herriaren burujabetza energetikoari buruzko gidaren aurkezpena, Donazaharren (Nafarroa Beherea). Udalbiltza

Berria -

2014ko urriak 31

Udalbiltzak Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida aurkeztu zuen atzo Donazaharren (Nafarroa Beherea), herrialdeko hainbat enpresaburu, hautetsi eta garapen eragileren aurrean. Euskal Herriko hautetsien biltzarrak Energiaren goizak jardunaldietan egin zuen aurkezpena; Baionako Merkataritza Ganberak eta Indar Developpement taldeek antolatu dituzte topaketak, eta mugaz bi aldeetako ordezkariak elkartuko dira, enpresetan energia erabiltzeko moduei buruz informazioa trukatzeko.

Xabier Zubialdek zuzendu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako ikerketa da Udalbiltzak aurkeztu duena. Zubialdek berak eman zuen atzo horren berri, eta aztertutako hiru jardunbide egoki nabarmendu zituen: Loreki kooperatiba, Ipar Euskal Herrian basoetatik datorren biomasa kudeatu eta saltzeko esperientzia; Nafarroan esnegintzaren industrian biltontziak hozteko prozesu industriala; eta Araban nekazaritzako elikagaien industriako hondakinak erabiliz egindako biogasaren kogenerazioa.

Energia burujabetzaren aldeko ekimen hori Udalbiltzaren Euskal Garapen eta Kohesio Funtsaren harira egin dute, Energia burujabetza 2014-2019 programaren barruan. Atzokoa izan zen lehen aurkezpena, eta 2015eko urtarrilera bitarte gainerako herrialdeetan ere zabalduko dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna