Kaskarotenea ikastola

Gizarte eta kultur eragileek bat egin dute Ziburuko manifestazioarekin

Kaskaroteneko arazoa euskal gizarte osoarena dela nabarmendu dute hainbat lagunek.

Gizarte eragile eta kultur arloko pertsona ezberdinek Kaskarotenea ikastolaren aldeko agerraldia egin dute gaur Donostian.
Gizarte eragile eta kultur arloko pertsona ezberdinek Kaskarotenea ikastolaren aldeko agerraldia egin dute gaur Donostian. Jon Urbe / Argazki Press

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko urriak 31

Gizarte, kultura eta euskalgintzako dozenaka eragile eta pertsona bildu dira gaur Ziburuko Kaskarotenea ikastolari babesa emateko, Donostiako Ikastolen Etxean. Agerraldian izan dira, bertzeak bertze, AEK, Udalbiltza, ELA, Euskal Konfederazioa, Sortzen, BigaBai, LAB, BERRIA Taldea, Ernai, Bertsozale Elkartea, Gazte Abertzaleak eta Euskal Herrian Euskaraz-eko ordezkariak, eta Kike Amonarriz aurkezlea eta Eneritz Zabaleta bertsolaria.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak euskalgintzako eragileen izenean erran du "kezka handia" dutela Ziburuko ikastolan gertatzen ari denaren inguruan. Hendaia eta Beskoitzeko ikastoletan iazko ikasturtean gertatutakoak oroitaraziz erran du arazoa orokorra dela: ikastolentzako lege falta eta euskararen ofizialtasunik eza gaitzetsi ditu, bertzeak bertze. "Euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da, eta garaia da hori amaitu eta eraso guztiei erantzuteko". Hori dela eta, euskal gizarte osoa deitu du azaroaren 8ko manifestazioan parte hartzera.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Euskal Herriko langileak "borroka horrekin" bat egitera deitu ditu, "duintasunaren borroka" izanik, haren hitzetan. ELAko Amaia Muñoak ere sostengua erakutsi die "euskararekiko posizio antidemokratikoaren" aurka herritarren militantziari esker aurrera egiten duten ikastolei. Bestalde, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak gogora ekarri du euskararen lurraldearen erdian hizkuntz eskubideak ez direla bermatzen, Ziburun bezala, Tafallan edota Trebiñun erraterako, eta guzien alde egiteko konpromisoa eskatu du.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Paxkal Indo Seaskakoak eta Laida Mujika Kaskaroteneakoak azken egunetan gertatutakoak oroitu dituzte. Hain zuzen, atzo jakin zenez, elektrizitaterik gabe utzi dute jada ikastola, eta Guy Poulou Ziburuko auzapezak eguneko 400 eurotara igo nahi du ikastolari ezarritako isuna. Eragileei eskerrak eman dizkiete emandako laguntzagatik, baina norbanakoei ere dei egin diete. Paxkal Indok erran duenez, "manifestaldi bat ez da antolatzen bakarrik eragileekin, pertsonekin baizik". 

Arratsaldeko lauretan eginen dute Kaskarotenearen aldeko manifestazioa, bihar zortzi, Ziburun. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna