enpresak

CAFen behera doaz irabaziak eta negozio bolumena

Aurtengo hirugarren hiruhilekoan irabaziak %25 jaitsi zaizkio tren egileari eta negozio bolumena %5, iazko aldi berarekin alderatuta.

CAFek Istanbulgo metrorako egindako trenak. /
CAFek Istanbulgo metrorako egindako trenak. / BERRIA

Jon Fernandez -

2014ko urriak 31

Urtea hasi zenetik joan den irailaren 30era bitartean 50,2 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu Beasaingo enpresak. Iaz, aldiz, 67,2 milioi euroko irabaziekin itxi zuen hirugarren hiruhilekoa. %25eko beherakada horrek azken urteetako joera berretsi du. Izan ere, iazko iraieko irabazien datua ere 2012koa baino %15 txikiagoa izan zen. 

Negozio bolumenari dagokionean ere beherakoa da joera, baina irabaziena baino dezente apalagoa. Iazko datuarekin alderatuta %5 egin du behera hirugarren hiruhilekoan: 1.057,1 milioi euroko negozio bolumena du CAFek. Eskarien zorroan, berriz, 4.655,6 milioi euro ditu Beasaingo konpainiak, eta horietatik %77 nazioarteko proiektuei lotuta daude. 

Azken kontratu esleipenak

Munduko hainbat herrialdetako tren sareak hornitzen ditu CAFek. Une honetan, besteak beste, Sao Paulo eta Belo Horizonteko (Brasil), Bariko (Italia), Aucklandeko (Zeelanda Berria), AEBetako (Amtrak konpainia), Sardiniako eta Saudi Arabiako aldiriko trenekin ditu proiektuak. Tranbiak ere egiten ditu beste hainbat hirirentzat: Stockholm, Houston, Cincinnati, Kansas City, Boston, Budapes, Tallin, eta abar. Eta baita metroko bagoiak ere hainbat hirirentzat: Erroma, Bukarest, Sao Paulo, Medellin, Istanbul, Helsinki eta Txileko Santiago. 

Aste hontan bertan esku artean duen proiektu garrantzitsu baten berri eman du CAFek. CAF 510 milioi euroko kontratua negoziatzen ari da NS Herbehereetako konpainiarekin 120 treneko enkargua bereganatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna