frankismoko krimenak

Martin Villa atxilo hartzeko eskatu du Argentinako justiziak

Martxoak 3 elkarteak eskatua zuen Espainiako ministro ohia auzipetzeko, Gasteizko sarraskia tarteko. 19 atxilotze agindu gehiago badira.

Martin Villa, ezkerrean, martxoan, Adolfo Suarezen hiletan.
Martin Villa, ezkerrean, martxoan, Adolfo Suarezen hiletan. CHEMA MOYA / EFE

Arantxa Iraola -

2014ko azaroak 1 13:56

Maria Servini epailea buru duen auzitegiak hogei lagun atxilotzeko agindua eman du, frankismo garaiko krimenekin lotuta: Antonio Carro eta Alfonso Osorio frankismoko presidentzia ministro ohiak, Licinio de la Fuente presidenteorde ohia, Antonio Barrera de Irimo Ogasun ministro ohia, Jose Maria Sanchez-Ventura Justizia ministro ohia, Jose Utrera Molina ministro ohia, Jesus Quintana Poliziako kapitain ohia, Carlos Rey Gerra Kontseiluko kide ohia, Antonio Troncoso epaile ohia; Jesus Gonzalez Reglero, Ricardo Algar, Felix Criado, Pascual Honrado De la Fuente, Jesus Martinez Torres, Benjamin Solsona eta Atilano Del Valle polizia ohiak, eta Rodolfo Martin Villa, Fernando Suarez, Jesus Cejas eta Abelardo Garcia.

Martin Villa Espainiako Harreman Sindikaletarako ministro zen frankismo garaian, eta 1976an Gasteizen Poliziak hil zituen bost langileen hilketaren erantzule izatea leporatzen diote. Iaz, martxoaren 3ko biktimak haren aurka deklaratzera joan ziren Argentinara, Maria Servini epailearen aurrean. Jesus Quintana Gasteizko poliziaburua zen 1976an. Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan zeuden lagunak tiroz hiltzea eta beste 50 zauritzea aurpegiratzen diote.

Solsona, berriz, Espainiako Poliziaren Bilboko komisario burua izan zen 1980tik 1982ra, eta Criado torturatzailetzat salatu zuen Jon Etxabe apaizak, Zamorako (Espainia) zenbait apaizekin batera. Carrori 1975ean Txiki eta Otaegi fusilatzeko agindua ematea egozten diote.

Fiskalak Servini epaileari eskatu berri dio deklaratzera dei ditzala hamabost lagun, frankismo garaiko krimenak ikertzeko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna