Soslaia. Martin Villa: Trantsizioko borra

2014ko azaroaren 1a
11:43
Entzun

“Gureak akatsak dira, haienak krimenak”. 1978an egin zituen hitzok Rodolfo Martin Villak (Santa Maria del Paramo, Espainia, 1934), urte hartan Poliziak sanferminetan German Rodriguez gaztea tiroz hil egin zuela justifikatuz. Espainiako Barne ministroa zen orduan Martin Villa —1976ko uztailean hartu zuen kargua, Gobernazioko ministro izena zuenean, eta, 1979ko apirilera arte aritu zen horretan—. 1978an bertan, Nafarroako hiriburuan, polizien eta ETAko komando baten arteko tiroketan, bi ETAkide eta polizia bat hil ziren. Ministroak: “Bi bat, gure alde”. Bi urte lehenago, 1976ko martxoaren 3an, bost langile hil zituen Poliziak Gasteizen. Sindikatuen Harremanen ministroa zen orduan Martin Villa. Manuel Fraga eta Guardia Zibilaren zuzendariarekin batera, Gasteizko sarraskiaren zaurituetako batzuk bisitatzera joan ziren, haien aurpegia garbitze aldera. 150 herritar zauritu zituzten. Poliziek jasotako aginduak haienak ziren.

Barne ministro izan zen garaian, 54 pertsona hil zituzten Espainiako Estatuaren indarrek. Horietatik 22 krimen leporatu ahal dizkiote Martin Villari frankismoaren aurkako kereilan, Servini epailearen ikerketa 1977ko ekainaren 15eko hauteskundeetaraino iristen baita. “Trantsizioko borra” ezizenarekin izan zen ezaguna Martin Villa. Hildakoak, zaurituak eta torturatuak horren lekuko.

Baina Franco hil aurretik, diktaduran ardurazko karguak ere bete zituen Martin Villak. 1962tik 1964ra Sindikatu Espainiar Unibertsitarioaren burua izan zen. Papera, prentsa eta arte grafikoen sindikatuko presidente ere izan zen garai hartan —zentsura ezartzeko botereko kargua—. 1965ean sindikatuen ordezkari probintzial karguan jarri zuten, Bartzelonan. Handik urte batera, Industria Ministerioko oihal industrien zuzendari nagusia bilakatu zen. 1969an, berriz, Sindikatu Bertikaleko idazkari nagusi izendatu zuten. Frankismo garaian, 1940tik 1976ra, horixe izan zen legezko sindikatu bakarra. Gainontzeko sindikatu guztiak klandestinitatean zeuden.

Franco hil aurretik, 1974an, Bartzelonan gobernadore zibila eta mugimendu frankistaren buru probintziala izan zen. Eta Carlos Arias Navarroren agindupean, Harreman Sindikalen ministroa izan zen 1975ko abendutik 1976ko uztailera. 

Gobernazioko edo Barne ministro zela, 1977an, Espainiako poliziak 788 manifestaziotan kargatu zuen herritarren aurka. Manifestazio guztietatik lautik hirutan. Urte hartako urtarrilaren 24an bost abokatu hil zituzten tiroz Madrilen  —Fernando Lerdo de Tejada akusatuetako bati asteburuko baimena eman zion epaileak, eta ordutik desagertuta dago—. Egun berean hil zuen Poliziak, manifestazio batean, Mariluz Najera ikaslea. 

Gasteizen greba orokor batean —1976ko martxoaren 3an— poliziak egindako sarraskiaren harira, honakoa esan zuen iaz Kataluniako irrati batean: “Gobernu guztiekin, ezkerrekoak ala eskuinekoak, manifestazioetan liskarrak izan dira, Gasteizen orduan izan zirenaren oso antzekoak”. Garai hartan atxilotutako asko, bestalde, Roberto Conesa poliziaren eskuetatik pasatu ziren. Frankismoan erabilitako tortura praktika basatiengatik ezaguna zen Conesa, eta Martin Villaren konfiantzazko gizona izan zen 1976tik 1979ra.

Falange Española Tradicionalista y de las Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista alderdian gizon garrantzitsua izan ostean, “trantsizio politikoan” UCD alderdira pasatu zen Martin Villa. Barne Ministerioko esku gogorra izanda gero, boterean mantendu zuten beste hiru urtez. 1980ko irailean Lurralde Administrazioko ministro izendatu zuen Adolfo Suarezek. Eta 1981eko otsaileko estatu kolpe saiakeraren ostean, postu berean mantendu zuen Leopoldo Calvo-Sotelok. Urte horretan, abenduan, presidenteorde izendatu zuten. Karguan izan zen 1982ko uztailera arte.

UCD disolbatuta, lehenbizi Oscar Alzagaren Alderdi Demokrata Popularrean sartu zen. Baina handik gutxira, PPra iritsi zen. Alderdi horretako diputatua izan zen Madrilgo Gorteetan, 1989tik 1997ra.

Diputatu izateari utzi bezain laster, bestalde, Endesa enpresako presidente bihurtu zen Martin Villa. Bere agindupean egin zuten enpresaren pribatizazioa. 2002an Manuel Pizarrori utzi zion lekua, baina Endesa Fundazioko presidente gisa jarraitu zuen. 2004tik 2010era, bestalde, Sogecable ikus-entzunezko enpresako presidentea izan zen —Prisa taldeak izan du akzioen kontrola, 2006tik—.

Sareb Espainiako “banku txarrean” kontseilari izendatu zuten iazko udaberrian. Eta bitartean, zahartzaro lasaia du. Politikak emandakoez gain, Endesan eta Sogecablen irabazitako sosekin zahartzaroa oparotasunean disfrutatzen; Sareb bankuko kontseilari soldatari uko egin dio. Eta Catalunya Radion iazko abenduan esan zuenez, “oso lasai” dago. Frankismoaren aurkako kereilaz esandakoa argigarri: “Ez dit loa kendu ezta minutu batean ere”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.