herri galdeketak

Arrankudiagan %89,6 agertu dira euskal estatu baten alde, %61,5eko parte hartzearekin

Botoak: 502. Bai: 450. Zuri: 33. Ez: 13. 'Nahi al duzu euskal estatu subirano baten herritarra izan?' galderari erantzun diote.

Arrankudiagako galdeketa. Alkatea ere, botoa ematen

Berria -

2014ko azaroak 3

Arrankudiaga-Zollon baietz esan diote euskal estatu subirano bati. 815 herritarrek zuten botoa emateko aukera, 502k eman dute eta horietako 450ek baiezkoa bozkatu dute (%89,64). 33 boto zuri egon dira (%6,57), eta 13 ezezko (%2,58). Baliorik gabeko sei boto izan dira (%1,19).

Parte hartzeari dagokionez, % 61,59koa izan da  —13:30ean, %45ekoa zen—. Igande eguerdian, antolatzaileek garrantzitsutzat jo dute kopurua, baina nabarmendu dute haien helburu nagusia ez zela ehuneko jakin bat gainditzea, baizik eta erabakitzeko eskubidea erabili nahi duten auzokideei horretarako aukera ematea. Normaltasunez joan da eguna, antolatzaileen arabera. "Prozesu garbia eta demokratikoa" izan dela adierazi dute.

Herritarrek 09:00etatik 20:00etara izan dute botoa emateko aukera. Galdeketaren bueltan, egun osorako jaia antolatu dute: herri kirolak, musika emanaldiak, haurrentzako ikuskizunak eta beste izan dira.

Asier Blas eta Ramon Zallo EHUko irakasleak eta Erabakitzeko Eskubidearen aldeko lantaldeko abokatu Xabier Sainz de la Maza eta Oscar Sanchez aritu dira behatzaile lanetan.

Lehen galdeketa, Etxarri Aranatzen

Etxarri Aranatzen Euskal Herriaren independentziari buruzko lehendabiziko herri galdeketa egin zuten apirilean. %94 agertu zen independentziaren alde, eta parte hartzea %42 izan zen.

Etxarri Aranatzen egindakoa bezala, Arrankudiaga-Zollokoa ere ez da bete beharreko kontsulta, inongo instituziorik ez baitu ez galdeketara deitu ez parte hartu antolaketan. Arrankudiagan ere herritar plataforma batek —Ados— hartu du bere gain antolaketa. 16 urtetik gorakoek eman ahal izan dute botoa, eta udaleko errolda eskuratzerik ez dutenez, antolatzaileek beraiek sortu dute programa informatiko bat botazioan irregulartasunik izan ez dadin. Horrez gain, ikuskatzaile talde independente batek zaindu du prozesua, alderdietako ordezkariekin batera.

Galdeketa egiteko ideia sortu zen HBko mahaikide ohi Joseba Martinen eta Arrankudiagako alkate izandako Jose Aspiazuren (EAJ) arteko elkarrizketetatik. Biek gogoratzen dute Franco diktadorea hil ostean, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu zuen lehen udalerrietako bat izan zela Arrankudiaga: 1979an egin zuten hori.

Alderdiek, baina, ez dute zuzenean parte hartu prozesuan, baina galdeketari begira, EH Bildu baiezkoaren alde azaldu da eta EAJk askatasuna eman die bere militante eta boto-emaileei nahi dutena bozkatzeko. Lau zinegotzirekin, koalizio subiranistaren esku dago udala; jeltzaleek, berriz, hiru dituzte. 


 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna