Kaskarotenea ikastola

Udalbiltzak 10.000 euro emanen dizkio Ziburuko ikastolari

Isuna eta lehenagoko zorrak ordaintzeko emanen dio dirua, Euskal Garapen eta Kohesio Funtsetik. Hitzarmen orokor batean kokatuta, Udalbiltzak Seaskari urtero kopuru bera emateko konpromisoa hartu du. Bideoa: haurrak, atzo, Kaskarotenean (Lara Madinabeitia, BerriaTB).

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko azaroak 4

Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidentea Paxkal Indo Seaskako lehendakariarekin eta Laida Mugika Kaskarotenekoarekin bildu da gaur goizean. Aste hauetan ordaindu beharreko isunak eta lehenago pilatutako zorrak estaltzeko, Euskal Garapen eta Kohesio Funtsak Ziburuko ikastolari 10.000 euroko laguntza emanen diola iragarri die Aizpuruak. Bestalde, Udalbiltzak eta Seaskak hitzarmen bat izenpetu dutela adierazi dute. Horren arabera, Udalbiltzak konpromisoa hartu du urtero 10.000 euro emateko Seaskari, euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen jarrai dezan. 

Euskal Herria Sendotzen programaren barnean kokatu dute hitzarmena. Izan ere, programa horretan Euskal Herriko sektore "estrategikoetan" lan egiten duten entitate batzuekin lankidetza hitzarmenak izenpetu ditu Udalbiltzak. Horien artean da euskalgintza ere, eta, beraz, Seaska laguntzea.

Udalbiltzak salatu du Euskal Herriko 685 udalerrietatik 300 udaletan baino gehiagotan euskara ez dela ofiziala, eta horrek "arazo eta zailtasun ugari" eragiten dituela. Horien artean da, haien ustez, Ziburuko ikastola ere. Bide berean, azaroaren 8ko manifestazioarekin bat egiten duela gogoratu du Aizpuruak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna