Forbes zerrenda

Bederatzi euskal abizen

Espainiako 'Forbes' aldizkariak argitaratutako ehun aberatsenen artean Hegoaldeko bederetzi fortuna daude: 8.075 milioi dituzte denen artean

Javier Ormazabal —erdian—, Hegoaldeko fortuna handietan bosgarrena Forbes-en Espainiako zerrendan.
Javier Ormazabal —erdian—, Hegoaldeko fortuna handietan bosgarrena Forbes-en Espainiako zerrendan. Luis Jauregialtzo / Argazki Press

Jon Fernandez -

2014ko azaroak 4

Espainiako Forbes aldizkariak ehun pertsona aberatsenen zerrenda argitaratu berri du, eta tartean Hego Euskal Herriko zortzi fortuna handiren izenak daude. Zortzi euskal abizen ehunen artean:

1-Daniel Mate Badenes da hego euskal herritar aberatsena, 1.800 milioi eurorekin. Ehuneko zerrendan 18. postuan dago, eta, iazkoarekin alderatuta, gora egin du sailkapenean, 2013ko 27. postutik aurtengo 18.era. Iaz baino 650 milioi gehiago ditu. Donostiarra da, eta Glencoreko zuzendaritzako kidea eta akzioduna da.

2-Jose Maria Aristrain de la Cruz da Hegoaldeko aberatsenetan bigarrena. 825 milioi euro ditu, iaz baino 325 milioi gehiago. Zerrendako 49. postuan dago —iaz 72. postuan zegoen—. Donostiarra da, eta Arcelor Mittaleko akzioduna.

3-Sendagorta Aranburu familia plentziarra (Bizkaia) da hirugarrena. 650 milioi euro dituzte, iaz baino 50 milioi gutxiago. Sailkapenean ere postuak galdu ditu urtebetean: aurten, 65. postuan daude; iaz, berriz, 35.ak ziren. Sener konpainiaren jabeak dira, eta baita Rolls Royce autoen motorrak egiten dituen ITP konpainiarenak ere.

4-Zardoia familia donostiarra da Hegoaldeko fortuna handienetan laugarrena. 550 milioi euro dituzte, iaz baino 150 milioi gutxiago. Zerrendan 67. daude aurten, iaz baino bost puntu atzerago. Zardoya Otis konpainiako akziodunak dira. Hain justu, Mungiako (Bizkaia) lantegia ixtear da enpresa, 80 lagun kaleratuta.

5-Javier Ormazabal Etxebarria bilbotarra eta haren familia dira bosgarrenak. 525 milioi euro ditu, iaz baino 100 milioi gehiago. Iaz, 85. postuan zegoen zerrendan, eta aurten 69. posturaino igo da. Velatiako presidentea da, lehengo Ormazabal taldearena. Ekipamendu elektrikoen konpainia da.

6-Victor Urrutia Vallejo getxoztarrak du fortuna handienetan seigarrena. 400 milioi euro ditu, eta 93.a da zerrendan —iaz ez zegoen zerrendan—. CVNE ardo konpainiaren presidentea da.

7-Sabino Arrieta Heras Sidenorreko akziodun eta presidente ohiak du Hego Euskal Herriko zazpigarren fortuna. 375 milioi euro ditu. Arrieta Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuordea izan zen 1980ko hamarkadan, EAJrekin. Forbes zerrendan 98. postuan dago —iaz ez zegoen zerrendan—. 

8-Alejandro Aznar Sainz da zortzigarren aberatsa. 350 miloi euro ditu, eta 100. postuan dago sailkapenean; hark ixten du zerrenda —iaz ez zegoen aberatsenen zerrendan—. Ibaizabal itsasontzi enpresako presidentea da, eta baita Marques de Riscal bodegakoa ere. 

Amancio Ortegaren erregetza

Ehun aberatsenen zerrendan Amancio Ortega galiziarrak jarraitzen du lehen postuan, jaun eta jabe. Inditexen sortzaileak 46.000 milioi dauzka, iaz baino 1.600 milioi euro gutxiago. Haren aberastasuna zerrendako hurrengo hamahiru aberatsenen parekoa da. Adibidez, Rafael del Pino da zerrendan bigarrena, eta 6.400 milioi euro ditu, 39.600 milioi gutxiago. 

Autonomia erkidegoei dagokienez, Madrilgoak du aberats gehien (28), eta gertutik jarraitzen dio Kataluniak (24). Hirugarren postuan berdinduta daude EAE eta Valentzia, zortzina fortuna handirekin. Zerrendan ez da nafar bakar bat ere agertzen. 

Espainiako Forbes zerrendan hamabost emakume baino ez dira ageri, iaz baino lau gehiago, eta 24.125 milioi euro pilatzen dituzte —gizonezkoek, 143.799 milioi—.

Aldizkariak azaldu du zein tresna erabili dituen ehun fortuna handienen zerrenda osatzeko: Merkataritzako Erregistroko datuak aztertu ditu Informa datu base pribatuaren bitartez, eta baita CNMV burtsa ikuskatzailearenak ere. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna