erreakzioak

'Ara es l'hora': "Azken ahalegina egin behar du gutariko bakoitzak"

CUP eta ICV galdeketari eustearen alde agertu dira, baina xehetasun gehiago galdegin dizkiote Generalitateari. PSCk, PPk eta Ciutadansek Auzitegi Konstituzionalaren erabakia onartzeko eskatu diote Artur Masi. EAJk babes osoa agertu die katalanei, eta EH Bilduk botere judizialaren politizazioa salatu du.

Forcadell, urriaren 19ko ANCren ekitaldian. /
Forcadell, urriaren 19ko ANCren ekitaldian. / Toni Albir/Efe

Berria -

2014ko azaroak 4

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako galdeketa debekatu ondoren, Ara es l'hora kanpainako sustatzaileek berretsi dute azaroaren 9an bozkatu egingo dutela: "Auzitegi Konstituzionalari emandako erantzuna hau da: bozkatu egingo du".

Ohar baten bidez adierazi dutenez, inork ez zien esan erraza izango zenik, eta "geroz eta zailagoa" izaten ari zaie bozkatzeko eskubidea erabiltzea. Baina, hilaren 9an deiadarra "mundu osora" hel dadin, "azken ahalegina" egiteko eskatu diete herritarrei.

Ingurukoei galdeketaren berri ematea galdegin diete, ikusarazi diezaietela bozkatzeak duen garrantzia: "Lankide, eskolako kide, senide, lagun...Bermatu behar dugu, pertsonaz pertsonak eta gu guztion ahaleginarekin, mundu guztia bozkatzera doala". Hori horrela, bihar Marató9N kanpaina jarriko dute martxan. Ara es l'hora-ren webgunean aurki daitezke xehetasunak. Bideoa: Marató9N dei maratoia iragartzeko bideoa (Ara es l'hora):

Carme Forcadell ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidenteak adierazi du Espainiako Estatuak eta Auzitegi Konstituzionalak ez dutela "hutsik" egiten, azaroaren 9ko galdeketa bertan behera utzita:

CUPek agerraldia egin du arratsaldean. Quim Arrufatek adierazi duenez, deialdiari eusteko Generalitatearen erabakia "zuzena" izan da momentuz, baina xehetasun gehiago eskatu dizkio.

Arrufatek nabarmendu duenez, Kataluniako Gobernuak erabaki du azaroaren 9a "modu autonomo eta independentean" kudeatzea, gainerako alderdirik gabe. "Horregatik, hauteslekuetan hautetsontziak ikusi arte, ez naiz ezertaz ziur egongo". Generalitateak berme juridiko eta politikoak berma ditzan nahi du, eta galdeketan parte hartzeko deia egin die herritarrei: "Bozkatzera irtengo gara, bozkatu egingo dugu, eta Espainiako Gobernuak jarrera horrekin jarraitzen badu, alde handiz irabaziko dugu".

Marta Rovira ERCko ordezkariaren arabera, "eskura" duten guztia egin behar dute igandean hauteskunde mahaiak ezarri eta herritarrek bozkatu ahal izateko. Debekuak debeku, Jordi Turullek (CIU) Twitterren idatzitako mezuan adierazi du guztia prest dutela eta Kataluniako herriaren nahiarekiko "zintzoak" izango direla:

Joan Coscubiela Espainiako Kongresuko ICVko bozeramaileak Mariano Rajoyri eskatu dio utz diezaiola kataluniarrak "ikaratzeari", eta Mas presidenteari "ezkutaketara" ez jolasteko eskatu dio. Konstituzionalaren erabakia jakin baino minutu batzuk lehenago egin ditu adierazpenok, baina aurreratu du galdeketa bertan behera geratuta ere Katalunian hasitako "mobilizazio prozesua" babestuko duela.

Josep Vendrell eta Joan Mena diputatuek Coscubielaren esanak berretsi dituzte ondoren. Horrekin batera, Generalitateari eskatu diote argi dezala nola egingo duten galdeketa, horrek inorengan "eragin negatiborik" izan ez dezan. "Gobernuari eskatzen diogu bermatzeko azaroaren 9an prozesuan parte hartu nahi dutenei hori egin ahal izateko aukera", esan du Menak.

Maurici Lucena Kataluniako Parlamentuko PSCren bozeramailearen arabera, Artur Mas presidenteak eta gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren erabakia onartu beharko lukete, eta prozesu horren antolaketara bideratutako "ekintza publiko guztiak" bertan behera utzi.

Ildo beretik mintzatu da Enric Millo (PPren bozeramailea Kataluniako Parlamentuan); prestaketa guztiak uzteko eskatu du hark ere. Millok nabarmendu du Auzitegi Konstituzionalak bigarrenez esan diola Kataluniako Gobernuari azaroaren 9an ezin duela proposatutakoa egin, egungo "lege esparrutik kanpo" dagoelako.

Ciutadanseko Albert Riverak Masi esan dio onar dezala "porrota", eta dei dezala hauteskundeetara, katalanek "jende zentzuduna" izango duen gobernu bat aukeratu ahal izateko. Riveraren arabera, erabakiak ez ditu ezustean harrapatu: "Legeari iruzurra eginez legediari izkin egiten ahalegintzen denak Zuzenbide Estatuarekin eta demokraziarekin topo egiten du".

Josep Ramon Bosch SCCko presidenteak begi onez hartu du Konstituzionalaren erabakia, uste baitu galdeketa legeari "iruzur" egitea dela. Hala ere, espero du azaroaren 10etik aurrera lanean hastea: "Generalitateak, alderdiek eta gizarte eragileek bake soziala bilatu behar dugu, eta bizitzen ari garen egoera honetatik irten".

Rosa Diezek ere (UPD) Masi egin dio eskaera: "agintari despotiko" izateari uztea galdegin dio; ez dezala jardun "legeen gainetik" egongo balitz bezala.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren arabera, azaroaren 9rako deitutako galdeketa "hautetsontziak dituen diada bat da".

Erreakzioak Euskal Herrian

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak esan duenez, ziur dago hautetsontziekin edo horiek gabe Kataluniako herritarrek kalean euren nahia zein den agertuko dutela igandean. Estebanen arabera, igandekoa ez da prozesu baten amaiera izango, "zerbaiten hasiera baizik". Adierazi duenez, Katalunian "inor" ez dago pauso bat atzera emateko prest, eta, bide horretan, EAJk "babes guztia" emango die. "Igandea egun garrantzitsua izango da". Jeltzaleek ordezkaritza bat bidaliko dute.

EH Bildurentzat, Auzitegi Konstituzionala agerian uzten ari da Espainiako Estatuak eskubide demokratiko bati egiten dion "betoa", gobernuaren helegitea onartuta. Rebeka Uberak eta Hasier Arraizek egin dute agerraldia, eta salatu dute botere judiziala "erabat politizatuta" dagoela. Haien arabera, erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeari "beldur" diote.

Gaineratu dutenez, Espainian demokraziaren argiak "itzalita" dauden bitartean, beharrezkoa da Katalunian zein Euskal Herrian "prozesu eratzaileak" abiatzea. "Herritarretatik abiatutako erantzuna izan behar da, sigletatik haratago doana". Bideoa: Rebeka Uberaren adierazpenak (EH Bildu):

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna