Xilaba

Finalerako dena prest du Xilabak

Ipar Euskal Herriko bertso txapelketak hitzordua dauka Baionako Laugan, azaroaren 15ean; joateko gonbidapena egin dute bertsolari finalistek.

Maddalen Arzallus ez beste finalistak, gaur goizean, finalaren aurkezpenean. SYLVAIN SENCRISTO
Nora Arbelbide Lete.
2014ko azaroaren 6a
17:26
Entzun

Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Ramuntxo Christy eta Xumai Murua bertsolarien artean txapelduna izendatuko du Xilaba bertso txapelketak heldu den azaroaren 15ean, Baionako Lauga kiroldegian, 17:00etan.

Urriaren 4an Muskildin abiatu eta hiru kanporaketa eta bi finalaitzinekoetan hemezortzi bertsolari lehiatu ondoren,  Xilabaren laugarren edizioari emanen dio bukaera azaroaren 15eko saioak. Bertsularien Lagunak elkarte antolatzaileak 2.000 ikusle espero ditu. Sarrerak jada salgai dira, Interneten eta usaiako saltokietan.

Aitor Renteria Txato BERRIAko lankidea (aurten hila) gogora ekartzekoa du molde berezi batean Xilabak. Txapelketa prestatzeko lanetan aritua zen hasieratik, eta hark egin ekarpenak oraindik beren artean jarraitzen duela azpimarratu dute antolatzaileek; hala, ekarpen hori “ikusgarri” egin nahi izan dute Txato saria sorturik. Sariak finaleko bertsolarien artean kantaera aberatsena erabiltzen duen bertsolariak saritzea izanen du helburu. Hau da, doinutegi aberatsena, baita doinua eta bertsoaren edukiaren arteko koherentzia ere. Mixel Aire Xalbador bertsolariak eta Pantxika Solorzano eta Jojo Bordagarai kantariek osatuko dute epaimahaia.

Hauxe da txapela bera irabazteko bete beharreko lanen zerrenda:

Seikotearen lana (hamabosna bertso puntuagarri):
•    Agurrak.
•    Zortziko handian ofiziotan binaka, hiruna bertso.
•    Zortziko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertso.
•    Banaka, hiru punturi erantzun.
•    Hamarreko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertso.
•    Kartzela bakarka, gaia emanda hiruna bertso doinu eta neurri librean.

Buruz burukoa (bederatzina bertso puntuagarri)
•    Seiko motzean ofiziotan, hiruna bertso.
•    Zortziko ttikian ofiziotan, hiruna bertso.
•    Kartzela bakarka, gaia emanda hiruna bertso doinu eta neurri librean.
•    Agurrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.