"Neurtu behar da noiz egin desobedientzia eta noiz ez"

'Vilaweb'-en estudioetatik eskaini du BERRIAk Kataluniako galdeketari buruzko mahai ingurua. Martxelo Otamendik zuzendu du saioa, eta Martin Aranburu, Maria Colera eta Ana Rodet izan dira gonbidatuak. [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2232/[/berriatb]

jon olano
2014ko azaroaren 7a
10:04
Entzun

Kataluniako eta Euskal Herriko egoera ondo ezagutzen duten hiru mintzaide bildu ditu BERRIAk mahai inguru batean. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak aurkeztu du saioa, eta Martin Aranburu politologoa, Maria Colera Intxausti itzultzailea eta Ana Rodet Iraola Bartzelonako Euskal Etxeko zuzendaria aritu dira Kataluniako egoeraz, gaur Generalitateak galdeketa boluntarioen esku uztea erabaki aurretik.

Igandera bitartean, PPren gobernuak Masen kontrako kanpaina gogortuko du, Aranbururen ustetan: “Legea bete nahi ez duen pertsona bat balitz bezala aurkeztu nahi dute Mas, arduraz kanpo dabilen lider politiko bat balitz bezala”. Bestelako iritzia du Colerak; ez du argi Masek eskolak irekitzea aginduko duenik, bateraezinak ikusten baititu Espainiako araudia betetzea eta prozesu independentistak aurrera egitea.

Rodetek ez du uste “ezer” gertatuko denik igandean: “Bozkalekuak zabalduko dira, eta agian hori ez da jendeari gehien interesatzen zaion agertokia. Gero eta indar gehiago erabili, orduan eta jende gehiago joango da bozkatzera”. “Bi partida” ari dira jokatzen, Rodeten ustez. Bat: “Espainiako Gobernua banintz eta jende gutxik bozkatzea nahiko banu, ez nuke ezer egingo, eta agian jendea aspertu egin liteke”. Horrez gain, ordea, beste bat nabari du: “Badaude indarrak, [PPren gobernua] egin behar ez duena egitera bultzatzen dutenak”.

Parte hartzea

Aranburuk parte hartzea jo du gakotzat. Uste du Espainiako Gobernuak baztertu egin duela tresna legal gehiago erabiltzeko aukera, baina, Aranbururen ustez, ikusteko dago igandera bitartean nola kudeatzen diren beste tresna batzuk “beldurraren diskurtsoa” eta “mehatxua” zabaltzeko: “Irakurketa eta prozesuaren bultzada ezberdina izango da 500.000 lagun edo hiru milioi bagoaz bozkatzera”.

Aranburuk zalantza du parte hartze aldetik galdeketa arrakastatsua izango ote den, eta galdetu du ea giroa nahikoa berotu ote den eta alderdien arteko zatiketak parte hartzeari kalte egingo ote dion. Rodet itxaropentsu agertu da, aurtengo eta iazko Diadako mobilizazio maila gogora ekarrita: “Zerbait berezia gertatzen ari da. Jendea mugitzea asko kostatzen da, baina nik ez dut inoiz horrenbeste jende ikusi”.

Colerak nabarmendu du ezker independentista hasieratik ari dela salatzen egungoa ez dela “herriak eskatu duen prozesua”. “Sasikontsultatzat” jo du igandekoa, eta ez dio alde handirik ikusten herriz herri egin zituzten galdeketen eta igandekoaren artean.

Diada eguneko mobilizazioak eta galdeketaren parte hartzea bereizi ditu Colerak; haren esanetan, mobilizazioetara boto eskubiderik ez duten herritar asko doaz, batetik; bestetik, antzeman du herritarrek mobilizazioetan parte hartzearekin nahikoa dela uste dutela: "Jendeari ez zaio buruan sartzen manifestazioetara joateaz gain legalitatea urratzeko antolatu behar duela".

Aranburuk ere sasikontsultaren kontzeptua darabil, uste baitu galdeketa alderdi subiranista guztiek babestu zuten dekretutik eratorritakoa dela. Hortik aurrera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekuaren inguruan jokatu beharreko moduak zatitu ditu alderdiak: "Desobedientzia neurtu egin behar da noiz egin eta noiz ez". 

Plebiszitarioei begira

Aranburuk azpimarratu du hauteskundeek "beste urrats bat" izan behar dutela aldebakarreko independentzia adierazpena egin edo ez bozkatzeko, baina, testuinguru horretan, alderdi subiranistak "markarik gabeko zerrenda batean" aurkeztearen aldekoa da. Aukera hori ezinezkotzat jo du Colerak, argudiatuta CUPek ez duela zerrenda bateraturik osatuko "murrizketak egin dituztenekin".

Rodet ere ez da zerrenda bateratuaren aldekoa; haren iritziz, CiUk kalkuluak egin ditu, eta ez du hauteskundeen balizko emaitza ikusi nahi. Gainera, plebiszitu erako bozetatik sortuko litzatekeen parlamentuak aldebakarreko independentzia aldarrikapena egingo lukeen ere ez da fio: "Ez dute kontsulta egin, eta independentzia aldarrikatuko dute?".

Aranburuk, ordea, azpimarratu du kontsulta urrats bat dela; tresna bat, independentziaren aldeko gehiengorik ba ote dagoen jakiteko. Ez da "perfektua", baina, azaldu duenez, herritarrek independentziarekiko duten jarrera islatuko lukete: "Galdera horretan politika sozialen eta abarren inguruko eztabaidak nahastu nahi baditugu, izango dugun emaitza ez da izango independentziaren inguruko erantzuna". Espainiako legedia urratzeko unea parlamentuaren independentzia aldarrikapena izango litzateke.

Balizko hauteskunde horietara ERCri CiUrekin aurkeztea komeni zaiolakoan da Colera, eta ez du argi ikusten independentzia aldarrikapenaren aukera: "Berriro ere prozesua bahitu eta politikarien esku uzten da". Alde horretatik, bete beharreko erreferendum bat hobetsi du: "Horrek herriari ematen dio azken hitza".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.