ASIER AMONDO

"Konpromiso praktikoak ere behar dira"

Korrikak jendetza biltzen duela agerikoa da, baina harago duen eragina ez da horren argia. Horretan eragin nahi du arduradun berriak, Amondok; konpromisorako deia egin du. Bideoa: Korrika 19ren aurkezpena (Berria TB - Argazki Press). [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2231/[/berriatb]

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko azaroaren 7a
18:04
Entzun

Korrika antolatzeko ardura hartu berritan «bertigo sentsazioa» zuela dio Asier Amondok (Laudio, 1969). Ez zaio erabat joan, baina esan du «konfiantza» eman diola Korrika Batzordean bost urte egoteak eta lantaldea mantentzeak. «Gogoa eta ilusioa» ditu orain nagusi; «eta bertigo apur bat ere bai oraindik».

«Odol berria» behar zela esan zuen Edurne Brouardek Korrikaren ardura utzi zuenean. Nabarituko al da aldaketa?

Ez dut uste nabarituko denik, eta ez dut uste nabaritu behar denik. Nire lehenengo Korrika da, eta Edurnek listoia oso goian utzi zuen, baina gure lan moldea bertsua izango da. Odol berria aipatu zuen jende berria behar zelako. Eta gauza berriak, seguruenik, agertuko dira. Oraindik badago astia martxora arte.

Zein da Korrikaren bertute nagusia?

Edozein ordu eta egunetan irribarretsu ikusten duzu mundu guztia Korrika pasatzen denean. Aglutinatzailea da: jendea biltzen du, eta jendearengan ilusioa pizten du. Eta ezin da ahaztu euskararen aldeko erreferente handia dela eta euskara duela helburu.

Jende uholdeak eragiten ditu Euskal Herri osoan. Baina nabari da eragina gero euskara ikasgeletan zein gizartean?

Zalantza hori daukagu, eta aurreko Korrika amaitzean horregatik egin genuen galdera: «Eta orain zer?». Lortu genuen jende piloa mugitzea, Korrikarekin bat egitea pertsona, instituzio eta kolektibo askok. Baina gero hori benetan ez da islatzen, ez jokamolde politikoetan, askotan, ez jendarteak euskararekin duen prestasunean. Orduan, pentsatzen dugu horretan ere urrats bat egin behar dugula, eta hortik dator mezua ere: euskalgintzan ari garenok, euskal kultura eta komunikabideak babesten ditugunok, indarrak metatu eta handitu behar ditugu, iristen ez garen horiengana ere heltzeko.

Ez al gara konturatzen izan dezakeen indarraz?

Hori da. Askotan ez gara ohartzen zein indar daukagun. Ahalmen itzela daukagu, eta ahalmen hori biderkatzailea izan daiteke, gainera, esparru guztiak ukitzen ditugulako. Kontziente izan behar dugu ahal dugula eta egin behar dugula.

Hori da adierazi nahi duzue Euskahaldun leloarekin?

Bai. Euskahaldunok kontura gaitezen euskararen inguruan gauzak egin behar ditugula! Euskaltegiak bete behar ditugu, euskal kultura sustatu behar dugu, euskal komunikabideak babestu behar ditugu, eta euskara taldeak aupatu behar ditugu herrietan. Gaitasuna dugu horretarako indarrak metatzeko.

Korrikak badu biltzeko gaitasun hori. Azken Korrikan, esaterako, Eusko Legebiltzarreko ordezkari guztiek parte hartu zuten, eta ez da ohikoa guztiak ekitaldi berean ikustea.

Legebiltzarreko kilometro horretan alderdi guztiek parte hartu zuten, eta guretzat inportantea izan zen. Guztiek bat egin zuten orduan zabaldutako mezuarekin, eta pentsatzen dugu oraingoarekin ere bat egin dezaketela. Eskatzen diegu bakoitzak bere neurrian urratsak egin ditzala euskalduntze hori orokorra eta kolektiboa izan dadin. Euskara sustatzeko konpromiso praktikoak ere hartu behar dira.

Nafarroako Parlamentuan ez zuen babes bera jaso.

Korrikak bi helburu ditu: sustapena da garrantzitsuena, baina AEKrentzat helburu ekonomikoa ere badu. Guk badaramatzagu bi urte diru laguntzarik jaso gabe Nafarroako Gobernuaren aldetik, eta Korrikak ematen digu hauspoa Nafarroan jarraitu ahal izateko. AEKren, AEK-ko langileen eta beste askoren esfortzuarekin egiten dugu aurrera, baina egoera hori ere irauli egin behar da. Euskaltegiek betetzen duten lana inportantea da. Nafarroan ere euskara ofiziala da zenbait tokitan, eta, beraz, babes hori instituzioek eman behar diote euskarari.

Eguneroko lanean euskalduntze prozesua bultzatzeko baliabidea ere bada Korrika?

Bai, Korrika diru iturria da dauzkagun politika makur horiek orekatzeko, neurri batean. Korrikari esker mantendu ahal ditugu euskaltegiak toki guztietan eta jarraitzen dugu euskalduntze lana egiten Euskal Herri luze-zabalean.

Hala ere, gaur egun oraindik garestia da euskara ikastea.

Hori ez dugu zalantzan jartzen. Eta bitxia da zure hizkuntza ikasteko ordaindu behar izatea. Hori askotan eskatu dugu: finantzaketa esparru egonkor eta orokor bat behar dugu doakotasuna errealitate izateko. Zure hizkuntza ikasteagatik ordaindu behar izatea ez da bidezkoa.

Urepelen hasiko da Korrika, Nafarroa Behereko herri txiki batean, eta Euskal Herriko hiriburu handienean amaituko da, Bizkaian. Kontraste handiko bi leku aukeratu dituzue.

Bai, baina ez da espresuki horrela pentsatuta egin; bada idatzirik ez dagoen arau bat: Korrika amaitzen den herrialdean hasiko da hurrengoa. Iparraldeak egin zuen Urepelen hasteko proposamena. Toki berezia da, eta Korrikak zail izango luke Urepeletik pasatzea, bertan hasi ezean. Gainera, badakigu hangoak ilusio handiz daudela Korrika han hasiko delako; sekretua ezin gorde ibili dira.

Edonola ere, hasierak eta amaierak grafikoki irudika ditzakete euskarak izan ditzakeen beharrak.

Beharrak ez dira berberak izango, ez. Bilbon dagoen euskahaldungo potentziala oso handia da; Urepelen, askoz txikiagoa, baina, seguruenik, Urepelen portzentualki dagoen ezaguera handiagoa izango da Bilbon dagoena baino. Leku bakoitzak behar dituen politikak tokian-tokian aztertu behar dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.