Bizibaldintzak

Krisia luzatzeak arriskuan jarri ditu pobreziaren aurkako aurrerapenak

Txirotasuna handitu dela eta aberatsen eta pobreen arteko aldea areagotu dela islatzen du Jaurlaritzak egindako azterketak. Aburtok "apokaliptiko" deitu dio okerrera egin dela egotzi dion oposizioari.

David Aguilar / EFE

Ivan Santamaria -

2014ko azaroak 7

Pobreziari eta giza beharrei buruzko inkesta eguneratu du Eusko Jaurlaritzak. Gaur, azterketaren emaitza nagusiak aurreratu ditu Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduko legebiltzar taldeak eskatuta, langabeziari eta pobreziari aurre egiteko gobernuak duen estrategiari buruz osoko bilkura monografikoa egiten ari dira gaur ganberan.

Berez, inkesta 2016. urtean berritzea zegokion gobernuari, baina azterketa aurreratzea erabaki zuen, azken bi urteetan izan den garapenari buruz datu zehatzagoak izateko. "Pobrezia eta prekaritatea igotzea eragiten duten faktoreen egoerak okerrera egin du 2012 eta 2014. urteen artean", ohartarazi dute txostenean.

Azterketaren arabera, %11 handitu da pobrezian dauden pertsonen kopurua azken bi urteetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gaur egun 127.399 pertsona txiro daude; azterketaren arabera, orain dela bi urte baino 12.700 gehiago. Pobrezia tasa %5,9 da. Krisiaren benetako ondorioak, hala ere, 2008. urtearekin alderatuta islatzen dira. Pobrezian dauden biztanleak %42 igo dira krisia hasi zenetik. Gainera, lautik hiru seme-alabak dituzten familiak dira, horietatik asko guraso bakarrekoak — amak, batez ere —.

Horrekin batera ongizatean gabeziaren bat duten pertsonak kontuan hartu behar dira. Horien kopurua %16,4 handitu da azken bi urteetan, eta 120.000 pertsonatik gora dira. Guztira, ongizate falta du populazioaren %16,4k. Ia 250.000 pertsona dira.

Pobrezia tasarik handiena Arabak du (%8,2), ondoren dator Bizkaia (%6,4), eta kopuru txikiena Gipuzkoak du (%4,2).

Desorekak errenta banaketan

Datu berriak ikusita, ondorio kezkagarri bat atera du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak. "2008. urtera arte egondako aurrerapenak zalantzan jartzen hasi dira". Hala, pobrezia eta prekaritate tasak 1986. eta 1996. urteetan zeudenak baino txikiagoak badira ere, 2000. urtean zuten maila gainditu dute honezkero, eta okerrera egiteko joera ez da eten.

Azterketak, halaber, errenta banaketan gertatzen ari diren desorekak azaleratu ditu. Hala, populazio aberatsenaren diru sarrerak handitu diren bitartean, populazio txiroarenak behera egin du. Hain zuzen ere, aberastasun handiena duen populazioaren erdiak 2008. urtean baino diru gehiago eskuratzen du 2014. urtean. Bitartean, %50 txiroenak diru baliabideak galdu ditu. Galerarik handiena %10 txiroenak jasan du, gainera: diru sarreren %13,4 galdu ditu.

Diru sarrerak bermatzeko errenta

Egoerak okerrera egin badu ere, diru sarrerak bermatzeko errentari esker ondorio larrienak arindu direla nabarmendu du Aburtok: "2008an baino txiroagoa eta desorekatuagoa da Euskadi, baina diru sarrerak bermatzeko errentari eusteko apustua egin izan ez balitz baino gutxiago". Hala, populazioaren %30 txiroenaren errenta galera arindu duen faktore nagusitzat jo du. Esaterako, %10 txiroenaren diru sarreren galera %13 izan beharrean %25 izango litzateke diru sarrerak bermatzeko errentarik gabe.

Errenta pobrezia pairatzeko arriskua duen populazioaren %72,9ra iristen da gaur egun. Horri esker, 80.500 lagunek pobrezia egoera erreala gainditzen dute, Jaurlaritzaren arabera. Hori bai, beste 71.000 pertsona, errenta kobratuta ere, ez dira txirotasunetik ateratzen.

Oposizioaren kexa

Pobreziaren egoerari buruzko azken datuak osoko bilkuran hitza hartu arte gorde izana aurpegiratu dio oposizio guztiak sailburuari. Izan ere, talde guztiek lehenbiziko txanda agortu ondoren hartu du hitza Aburto sailburuak, eta orduan helarazi zaie txostena legebiltzarreko taldeei. EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPDko ordezkariek jokabide hori kritikatu diote, eta eztabaidaren aurretik edukia ezagutzeko aukera eduki ez izana gaitzetsi dute.

Ixteko zorian dauden Candy eta ECN Cablenor enpresetako ordezkariak egon dira osoko bilkura ikusten. Aburto sailburua hizketan ari zela, "Candy ez itxi" oihuka hasi dira tribunatik, eta ganberatik kanporatu ditu Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak.

Osoko bilkurak arratsaldean jarraituko du. Orduan, taldeek aurkeztu dituzten ebazpenak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna